argia.eus
INPRIMATU
Amazonek ez du logistika instalaziorik irekiko Oiartzunen
  • AEBetako multinazionalak uko egin dio Oiartzunen logistika planta irekitzeari, udalak adierazi duen moduan.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 13a

Amazonek amore eman du, eta Oiartzungo Udalari agiri batez adierazi dio bertan behera utzi duela udalerrian logistika planta irekitzearen proiektua. 2020an eman zituen multinazionalak Oiartzunen logistika planta egiteko proiektuaren lehen pausoak, baina azkenean Jeff Bezosen enpresa bera izan da uko egin duena.

Udalak Oarsoaldeako Hitzari adierazitakoaren arabera, Espainiako estatu mailako antolaketa eredua birpentsatu du enpresak, eta azkenean Oiartzunen plantarik behar ez dutela diote.

Amazonen proiektuak aurkako ahots anitz izan ditu. Lehenik eta behin, herritar asko aurka agertu ziren, eta hainbat mobilizazio egin zituzten. Bestalde, inguruko hainbat merkatari txiki eta ertain Amazonek Oiartzunen planta berria irekitzearen aurka jarri ziren, merkataritza suntsituko zuela esanaz. Honen aurrean, Arantxa Tapiak dio Amazonen proiektuak ez zuela enpresa txiki eta ertainen jarduna kaltetzen ezta mesede egiten ere.