Hainbat enpresak aniztasun eta inklusio politikak aldatu dituzte Donald Trumpen gobernu berriari ongietorria egiteko.
X eta Metaren ondoren, Jeff Bezosen enpresak pertsona beltzen eta LGBTQ kolektiboko pertsonen eskubideak babesteko konpromisoak bertan behera utzi ditu bere politika korporatiboetan. Multinazionalaren aniztasun-, parekidetasuna- eta inklusio-programak murrizteko politikarekin bat egiten du neurriak.
2024ko abenduaren 16ko memorandum batean, Amazonen Esperientzia eta Teknologia Inklusiboen presidenteordeak iragarri zuen enpresak "zaharkitutako programak eta materialak" ezabatuko zituela pixkanaka, eta, horren barruan, aniztasuna eta inklusioa handitzeko “ahalegin batzuk” murriztuko zituela.
The Washington Post egunkariak adierazi duenez, Amazonek "Parekidetasuna pertsona beltzentzat" eta "LGBTQ+ eskubideak" izeneko atalak kendu ditu bere webgunetik, transgenero terminoari egindako aipamen guztiekin batera. Parekidetasunaren eta eskubideen aipamenak epigrafe orokor baten zati bihurtu dira.
Urtarrilaren hasieran, Ann Telnaes Pulitzer saria irabazi zuen karikaturagileak uko egin zion The Washington Posten egiten zuten lanari, hainbat oligarka agertzen ziren bineta bat ez argitaratzeagatik. Trumpen estatua bat izan zitekeenari egiten zioten ohore. Oligarka horien artean, Jeff Bezos zegoen. Bera da The Whasington Post-en jabea eta hauteskunde-kanpainan hartu zuen erabakietako bat izan zen hedabideak Kamala Harrisen aldeko jarrera ofiziala ez hartzea.
Trumpen, eta bere lagun berri Elon Musken, garaipenarekin batera sortu den olatu ultrarekin bat dator albistea. Amazonen aurretik, moderazioko langileak gaitzeko politikak aldatu ditu Meta enpresak. The Intercept hedabideak hilaren 9an argitaratutako dokumentuek erakutsi zutenez, Metaren moderazioak ondoko mezuak ahalbidetuko dituzte aurrerantzean: "etorkinak kaka puska zikin eta nazkagarriak dira", "gayak zomorro arraroak dira" edo "begira trabesti horri [17 urteko neska baten argazkiaren azpian]".
John Deere, Harley Davidson, Walmart eta McDonald 's enpresek ere aniztasun-, parekidetasun- eta inklusio-ekimenak murrizteko erabakiak hartu dituzte, eta konpainia horiekDondalt Trumpi emandako "ongietorri" gisa interpretatuak izan dira. Datorren astelehenean, urtarrilak 20, AEBetako presidente izendatuko dute Trump.
Urtarrilaren 14an baieztatu zen Bezos, Mark Zuckerberg eta Elon Musk, Big Techen hiru buru nagusiak, Trumpen inbestidura saioan izango direla, eta, Amazonen eta Metaren jabeen kasuan, milioi bana dolar eman diote "inaugurazio funtsari".