argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Kultura ministroaren kritiken ondoren, liburu saltzaileak Amazonen kontra
  • Amazonek bidegabeko lehia egiten duela salatu du Aurélie Filipetti Frantziako Kultura ministroak. Adierazi duenez, enpresa estatubatuarrak dagokiona baino zerga gutxiago ordaintzen ditu. Horrez gain, “prezio baxuak ezartzen dituzte merkatuan barneratzeko, baina monopolioa bereganatzen dutenean,  berriro igotzen dituzte”. Neurri horiek gainontzeko liburudenden gainbehera ondorioztatzen duela eta, estatuak 9 miloi euroko diru laguntzak agindu ditu, dendak modernizatu eta interneteko salmentara egokitu daitezen.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 07a
Amazonekin haserre dira Europako liburu saltzaileak

Britainia Handiko eta Espainiako liburu saltzaileen elkarteek bat egin dute Filippettiren aldarrikapenekin eta antzeko neurriak hartzeko eskatu diete haien gobernuei. Juan Manuel Cruz Espainiako liburu saltzaileen ordezkariak Amazonen kanpainek “arauak hausten” dituztela adierazi du. Sidney Davis Britainia Handikoen ordezkariaren ustetan, multinazional estatubatuarra sektorearen mehatsu nagusia da.

Alemanian ere kritikak jaso izan ditu Amazonek. Otsailean, Ausgeliefert! Leiharbeiter bei Amazon dokumentalak langileen baldintza txarrak eta muturreko eskuinarekin erlazioa duen segurtasun enpresa baten azpikontratazioa argitara eman baitzituen.