argia.eus
INPRIMATU
Amazigera hizkuntza koofizial izendatu dute Aljerian
  • Aljeriako parlamentuak ia aho batez onartu du Abdelaziz Buteflika presidenteak duela bost urte aginduriko konstituzio erreforma. Neurri horren bidez, besteak beste, Aljeriako hizkuntza koofizial bilakatu da amazigera, baina arabiera baino maila bat beherago geratuko da.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 09a
Amazigek beren hizkuntza eta identitate propioaren alde borrokatzen dute.

Herrialdeko agintariek amazigeraren aurkako politika aplikatu izan dute historian zehar, Aljerian bertan 10 milioi hiztun inguru dituen arren. 1962an Aljeriak independentzia lortu zuenean arabiera izan zen frantsesa ordezkatu zuena, amazigeraren kalterako. Ordutik, hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatu eta hiztunen identitate onarpena eskatzeko saiakerak egin dira, Amazigh Udaberria (80ko hamarkada) kasu. Auzia Aljeriako agenda politikoan sartu zuten azkenean.

Neurria ez da nahikoa

Amazigera hizkuntza koofizial bilakatu izanak ez ditu kontent utzi hizkuntzaren aldeko eragile nagusiak. “Arabieraren nagusitasunaren aurka”, azaldu da Amazigeraren Munduko Kongresua. Bestalde, Kabiliaren (Aljeriako Estatuaren iparraldean) autodeterminazioaren aldeko mugimenduaren esanetan, konstituzio berria “koloniala, ilegala, miserablea eta atzerritarra da”.

Mugimenduko bozeramaile Soraya Soughen ustez makillaje hutsa da, Berriari eskainiriko elkarrizketan adierazi duenez: “Kabiliarekiko eta amazigekiko egindako edozein keinu makillaje hutsa da, nazioarteari begira eginikoa. Konstituzio erreforma hau beste adibide bat besterik ez da. Kabiliak Frantzia kolonizatzailearen aurka borrokatu zuen (1954-1962), eta 900.000 amazig hil ziren. Aljeria demokratiko, moderno eta laiko baten alde egin zuen Kabiliak, baina independentziaren lehen unetik erregimen arabiar-islamistak baztertu gaitu”.

Beste batzuek zalantzan jartzen dute konstituzioaren zilegitasuna. Ministro ohi eta oposizioko kide Abdelaziz Rahabik uste du “marketin politikoko ariketa” bat dela. “Testu hau aurrerapauso demokratiko bat dela frogatzeko erronka botatzen diot edonori”, gaineratu du.