argia.eus
INPRIMATU
Amazighek, berebereek, kaleak hartu dituzte zortzi hilabetez
  • Rif eskualdeko protestek ez dute etenik eta tentsioa gora doa. Milaka polizia eta militar atera ditu Marokok kalera, baina ez dute lortu oraingoz herritarren manifestazioak geldiaraztea.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 04a
Manifestari bat protestaren erdian Rifeko errepublikaren bandera lepoan jarrita (argazkia: elperiodico.com).

Hirurehundik gora dira dagoeneko Al-Hoceima hiriko protestetan atxilotutakoak, tartean Nasser Zafzafi eskualdeko buruzagia, maiatzaren 29an; eta giza eskubideen aldeko hainbat taldek atxiloketa arbitrarioak eta torturak egon direla salatu dute. Unibertsitatea, ospitaleak, eta beste zenbait oinarrizko azpiegitura aldarrikatzen ari dira herritarrak kaleetan.

Mouxine Fikri gaztearen heriotzaren ondotik hasi ziren protestak duela zortzi hilabete. Arraina saltzen ari zela salgaia kendu eta zabor-kamioira bota zuten portuko zaindariek. Gaztea kamioian sartu zenean zaborra txikitzeko mekanismoa martxan jarri zuten eta bertan hil zen.

Protestekin bat egin duten bi gaztek Berria egunkariak egindako elkarrizketan adierazi dutenez "herri baten identitatea dago jokoan, identitate batean dauka jatorria borroka honek. Amazighak gara, berebereak, eta erresistitzen jakin duen herria da gurea, islamizazioaren, arabizazioaren, kolonialismoaren aurrean. Horren erakusle da bizirik gaudela, eta orain ere erresistentzian ari garela, gure kultura babesten, amazigheraz mintzatzen, tarifitaz. Min ematen die horrek guztiak, min handia, badakitelako lur honen jatorrizko herritarrak garela, eta zilegi diren eskubideak aldarrikatzen ditugula. Horiek kendu nahi dizkigute, gure historia ezabatu nahi dute".

Berebereen ikurrak protestetan

1921ean aldarrikatu eta lau urtez indarrean egon zen Abd el-Krim buruzagiaren Yemauria Rifia errepublikako ikurrak hasi dira ikusten berriz ere karriketan. Rifeko errepublikako banderak eta Abd el-Krim-en irudiak ikus daitezke manifestarien eskuetan. Errepublikako bandera debekatuta dago eta bi urteko kartzela zigorra jaso daiteke erakusteagatik. Inork ez du esaten nola eskuratu duen, baina itxura denez diasporan dauden amazighak ari dira ekoizten.

Gose grebak kartzelan

Protestak hasi dira ziegetan ere, atxilotutako hainbatek gose greba hasi baitute duela hamabi egun Marokoren errepresioa salatzeko.