Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Donostiako 4. zenbakiko instrukzio epaitegiak ontzat eman du Amaya Zabarte Realeko zalearen familiak jarritako helegite bat, eta familiako abokatuei aukera emango die egun horretako irudi guztiak ikusi ahal izateko. Gainera, Ertzaintzaren oldarraldia gertatu zenean, taldeetako poliziaburu edo arduradunak zein ziren identifikatzeko ere eskatu du epaileak.
Paris Saint-Germain eta Realaren artean martxoaren 5ean jokaturiko partiduaren aurretik, Donostiako Reale Arena estadio inguruan larri zauritu zuten Zabarte buruan, Ertzaintzaren oldarraldi baten erdian suertatu zenean. Itxura guztien arabera foam jaurtigailu baten eraginez barne odol-isuria izan zuen eta zainketa intentsiboen unitatean ingresatu zuten hainbat egunez.
Geroztik auziak gorabehera asko izan ditu, eta familiak behin eta berriz salatu du Ertzaintzaren utzikeria gertaturikoa ikertzeko. Donostiako epaitegiak kasua behin behinekoz artxibatu zuen, baina helegite baten ostean, azaroan Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erabaki hori atzera bota zuen, eta diligentzia berriak hasteko agindu zion Donostiako epaileari.
Diligentzia horien aurrean, familiak beste helegite batean eskatu zuen bere abokatuek martxoaren 5eko bideo-irudietara sarbidea izan zezatela. Izan ere, orain arte minutu eta erdiko bideo labur bat baino ez da zabaldu, zeinean ikusten den Zabarte lurrera erortzen eta polizia batek ustez ostikoa nola jotzen dion.
EFE agentziak argitaratu duenez, bigarren helegite hori aintzat hartu du Donostiako epaitegiak eta irudiak ikusteko aukera emango die abokatuei. Gainera, epaileak Ertzaintzari eskatu dio ireki dezala barne ikerketa bat, egun hartan oldarraldietan parte hartu zuten taldeen ertzainburu edo arduradunak identifikatu ahal izateko.