argia.eus
INPRIMATU
Amatasunaren giltzarik gabe
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2025eko urtarrilaren 17a

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean (Hondarribia)

-----------------------------------

Amatasuna hamaika erpin dituen gai borobila da, ama adina formatan aurkezten zaiguna. Norberaren esperientziaz eta haien balizkotasunaz hitz egitea, emakumeak batzeko eta ahalduntzeko gakoa bilakatu da azken urteotan. Euskal antzerkira ere ekarri nahi izan dute ikuspegi hori.

Elena Diaz autore madrildarrak ia bi urte daramatza obra honen gaztelerazko bertsioarekin Espainiako Estatuko aretoak betetzen. Ehun emanaldi baino gehiago egin dituzte jada eta orain Euskal Herrira iritsi da, estreinakoz, Hondarribiara, eta hemen ere aretoa bete da lehen egunean.

Zineman edo telebistan hainbatetan erabili den gatazka eredu bat hautatu du egileak lau ama protagonista elkartzeko: eskola bateko itxaron gelan daude, bilera baterako arduraduna noiz iritsiko zain, baina ez da inoiz etorriko. Gelako atea itxita dagoenez, eta ateratzeko giltzarik ez dutenez, beldur eta desirak euren artean elkarbanatzen hasiko dira, terapia moduko batekin ondorio propioak ateratzea lortuta. Inor ez azaltze hori bada, ustez, amatasunaz hitz egiteko inoren beharrik ez dagoela esateko metafora bat, elkarri lagundu arren, norberarena dela erabakia eta bidea.

Amatasuna eta gaiak dakartzan argi-ilunak jendearen interesekoak direla antzeman da antzokian. Irribarre konplizeak hasieratik nabari ziren publiko artetik. Lau protagonisten izaera zeharo desberdinek eta, era berean, prototipoek, hartzailea identifikatua sentitzea ekarri dute, eta horrek beti eragiten du barregura: lanez gainezka egon eta haurrentzat denborarik ez duen emakumea; ekoama, naturaz, lasaitasunaz eta ekologismoaz baliatzen dena haurraren heziketarako; ama ez den emakumea; eta haurdun dagoena, hau da, zalantzaz eta mamuz beteta dagoen gaztea.

Pertsonaiez gain, lanak baditu beste hamaika kolore. Hitzek eta gertaerek dakartzatzen ñabardurez aparte, soinean eta eszenan daramatzatenek hartzen dute protagonismoa. Tonu alaia, baikorra eta koloreen unibertsoa bezain handia den gai bati heltzeko nahia adierazten dute antzezlanean darabiltzaten kolore biziek. Nire gustura, komertzialegia den zerbaitera hurbiltzen da erabakia, bai eta estimulo gehiegi dituen errealitate batera ere, POP estilora. Bizpairu dantza ere sartu dituzte. Antzezlanaren egitura baina, hor kokatzen dute, hasieratik baita dena oso exajeratua. Horrela, pertsonaien garapenak ez dira sakonak eta errealak, ohikoak eta hutsalak baizik.

Umeekin edo gabe, hantxe elkartu dira ama hauek, komunean ugal aparatua baino ez dutelarik. Giltzarik gabe gelditu dira, baina irteterakoan giltza bana aurkituko dute: bakoitzak bere atearena.