argia.eus
INPRIMATU
Amatasuna da nerabeen artean heriotza gehien sortzen duen bigarren kausa
  • Hamabost urte baino gutxiagoko neska bat ezkontzen da zazpi segundoro, Save the Children erakundearen arabera. Haurdun gelditzen dira nerabeak izanda, eta erditzerako momentuan euren gorputzak ez daude guztiz garatuta. Hori dela eta, amatasuna da nerabeen artean heriotza gehien sortzen duen bigarren kausa, suizidioa litzateke lehenengoa.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 13a
Hamabost urte baino gutxiagoko neska bat ezkontzen da zazpi segundoro. (Arg.: infobae)

Ezkontza behartuak dira nerabeen hezkuntza, osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen duten oinarrizko arrazoietako bat, Save the Children erakundeak egindako txosten baten arabera. Izan ere, nerabeak izanda ezkontzen diren neskatoak “baztertze prozesu” batean sartzen direla adierazi du Andres Conde Save the Children erakundeko zuzendariak, La Marea aldizkariak argitaratu duenez. Horrek euren oinarrizko eskubideak ukatzen ditu, hezkuntza kasu, orokorrean eskolara joateari utzi behar baitiote.

Horietako bat da Genesis, El Salvadorreko neska bat. Hamabost urte ditu, ezkonduta dago eta haurdun. Bere etorkizunarekin kezkatuta dago: “Gauza asko egin nahi ditut, baina ezin dut orain. Ikasi nahi nuen, idazkaria izan nahi nuen. Baina haurdun nago. Ezin dut ezer egin orain. Zein da nire etorkizuna?”

Ezkontza behartuen kasu gehienetan, neskatoak haurdun gelditzen dira nerabeak izanda, txosteneko datuen arabera. Erditzerako momentuan euren gorputzak ez daude guztiz garatuta, eta horrek osasun arazo larriak eragiten ditu ama eta umearentzat. Horrez gain, sexu bidezko gaixotasunak eransteko arriskua daukate.  

2016an hamabost milioi neska ezkondu dira munduan 18 urteak bete baino lehenago, erakundeak azaldu duenez. Gerran dauden herrialdeak izaten dira egoerarik txarrena dutenak, Siria kasu, non errefuxiatuta dauden lau neskatoetatik bat ezkontzera behartuta dago. Txostenaren arabera, familia pobreetan bizi diren nerabeek aukera gehiago dituzte behartuta ezkontzeko, aberatsak diren familietan bizi direnek baino. Nigerian, esaterako, pobrezia egoeretan bizi diren neskatoen %40 ezkondu egiten da hamabost urteak bete baino lehenago. Diru gehiago duten nerabeen artean, ordea, %3.  

Save the Children erakundearen arabera, Nigeria, Txad, Afrika Erdiko Errepublika, Mali eta Somalia dira ezkontza behartu, nerabe haurdunaldi eta haurren heriotza tasarik handiena duten herrialdeak.