argia.eus
INPRIMATU
Amatasun bajak gainerako baimenekin parekatzea sexu bereizkeria dela ebatzi du Konstituzio Auzitegiak
  • Emakume magistratu batek babes helegitea aurkeztu du, lekualdatzeagatik zegokion gehigarri bat kobratzea ukatu ziotelako amatasun bajan egoteagatik. Epaiak ezarri du sexu bereizkeria dela amatasun eta haurdunaldi arriskutsuengatik hartutako bajak gainerako baimen eta lizentzien modura tratatzea.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 16a

La Marean eman dute kasuaren berri. Magistratua baja aldian egon zen erditu aurretik, haurdunaldi arriskutsua izan zuelako. Denbora tarte horretan birritan aldatu zioten lanpostua, eta ez zuen aipatu gehigarririk kobratu baja amaitu eta lanpostu berria hartu zuen arte.

Izan ere, Zuzenbide Judizialaren Arautegiko 245. artikuluak ezartzen duenez, lanpostu berri baten betetze ofiziala ez da hasten oporraldi, baimen edota lizentziak amaitu arte. Horren arabera, magistratuak ezingo zukeen gehigarri hori kobratu berriz lanean hasi arte.

Arau horren atzean sexu bereizkeria dagoela ebatzi du Konstituzio Auzitegiak. Horrez gain, zehaztu du ezin direla parean jarri baimen edo lizentzia arruntak eta amatasun edota haurdunaldi arriskutsuengatik hartutako bajak, azken horiek emakumeei besterik ez baitiete eragiten. Hortaz, aipatutako gehigarria kobratzea bertan behera utzi zuen ebazpena baliogabetu du auzitegiak.