Giorgio Nardone psikoterapeutak amarru batzuk definitzen ditu, adibidez: "Etsaiari ganbarara igoarazi eta ondoren eskailerak kendu". Amarru askoren oinarria da, non gure etsaiari lekuren batean sar dadin eskaintzen diogun eta sartutakoan ez diogun irteten uzten. Arrantzan eta ehizan asko erabiltzen den amarrua da. Baina garrantzitsua da argi geratzea, aplikazio asko dituela manipulazio eta sedukzio erretorikan.
Gure hirian hori asko gertatzen den irudipena daukat, agintariek amarru hori erabiltzen dutena, alegia. Hiritarrak, iritzi konkretu bateruntz eramaten gaituzte, eta hor gaudela, erabakitzeko aukera gabe uzten gaituzte. Hiri honetan harrapatuta uzten gaituzten erabakiak hartzen ari dira, eta hori da beraien lana dirudienez, amarru onenak eta sotilenak bilatzea, eta ez gure bizi kalitatea hobetzea, ezta gizaki gisa hobetzea ere. Hiriak amarruei gustua hartu dien honetan, Koldo Mitxelena Kulturgunearen konponketa gogoan hartuta, beste amarru bat datorkit burura; ongi funtzionatzen duten prozesu eta sistemak konpontzea okurritu zaio askotan gure udalari, hau da, behar ez diren aldaketak egitea, edo amarruen hizkuntzan “puskatuta ez dagoena konpontzea”.
Miren Albisu