argia.eus
INPRIMATU
Amari min emateko hil zuen aitak semea Urbasan, nagusitzen ari den hipotesia
  • Haurraren amak salaketa ipini zuenetik zeuden haien bila. Aita semea helduta amildu zela adierazi du autopsiak, eta indarkeria bikarioaren hipotesiak indarra hartu duen arren, ikerketa aurrera doa.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 08a

7 urteko haurraren eta bere aitaren gorpuak aurkitu dituzte asteartean Urbasan, Nafarroan. Ostiraletik zeuden desagertuta, eta astelehenean haurraren amak salaketa jarri zuenetik zebiltzan haien bila. Guardia Zibilaren bilaketa taldeko helikoptero batek aurkitu ditu gorpuak, Urbasa inguruan.

Autopsiaren emaitzen arabera, aitak semeari helduta salto egin zuen amildegitik behera. Haurraren gurasoak banatuta zeuden, eta indarra hartu du biolentzia bikarioaren hipotesiak, hau da, aitak haurra hil zuela amari min emateko. Hala ere, Nafarroako presidenteorde Felix Tabernak ikerketak aurrera egin arte itxaroteko gomendatu du.

Aurkitu bezain laster, gorpuak autopsiak egitera eraman dituzte Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institura. Emaitzen arabera, baztertu egin dute haurra itota hiltzea, eta gorpuetan ez dute gai toxikoen arrastorik aurkitu. Halaber, haurraren gorpuak zauri gutxiago zituela frogatu dute, kontuan hartuta hilotzek 200 metro inguruko altueratik eroritako lesioak zituztela. Ondorioz, litekeena da aitak haurraren erorikoa arindu izana bere gorputza helduta.

Indarkeria bikarioaren hipotesia

Emaitzak ikusita, biolentzia bikarioaren teoriak indarra hartu du. Emakumeei eraso egiteko seme-alabak erabiltzea da indarkeria mota hau. Gainera, adituen arabera, haurrengan albo-ondorioak izaten ditu, eta haien amek pairatzen duten indarkeriaren biktima zuzenak dira. Hala ere, ikerketaren iturriek Berriari adierazi diote oraindik “goizegi” dela indarkeria bikarioaren teoria ziurtzat jotzeko, horretarako aitaren motibazioa frogatu behar baita.

Senideei babesa

Lizarrako Udalak “babesa eta elkartasuna” adierazi die hildakoen senide eta gertukoei, baita hezkuntza-komunitateari ere. Atzo 13:00etan elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, eta udal kontseiluko kideek eta tokiko biztanleek parte hartu zuten. Bestalde, gaur 20:00etan Koroatze plazan elkarretaratzea deitu du Lizarrako mugimendu feministak-

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du laguntza psikologikoa ematen ari zaiela haurraren senideei. Haurra Lizarrako ikastolako ikaslea zen.