argia.eus
INPRIMATU
‘Amapatxa’ liburu-egitasmoa, Amazoniako Shipibo-Konibo komunitatea laguntzeko asmoz
  • Ion Brakamonte Unanue zumaiar musikari eta irakasleak ia Amerika osoa zeharkatu zuen bi urte eta erdiz (2018-2021), Argentinatik hasi eta AEBetara arte. Bidaiaren bizipenak biltzen dituen Amapatxa. Amets bat, bide bat liburua kaleratzeko crowdfundinga jarri du martxan. "Pandemiagatik umezurtz geratu ziren Peruko Amazoniako Shipibo-konibo komunitateko umezurtzak eta hango emakumeen ahalduntzerako proiektuak" laguntzeko asmoa du proiektuarekin.

Axier Lopez @axierL 2022ko urriaren 06a
Kene Nete proiektuko partaide batzuk. Argazkia: Kene Nete

Amerikan barrena egin zuen bi urte eta erdiko bidaian ikusi eta bizi izandakoak eguneroko batean jaso zituen zumaiarrak eta horretan oinarrituta idatzi du liburua. Hamahiru herrialde zeharkatzearen esperientziaren bitartez, "nahi dut jendeak ikustea zer bizimodu desberdin dauden hemendik kanpora, eta nola bizi daitezkeen gauza gutxiagorekin", adierazi dio Baleike hedabideari. Liburuari azken ukituak ematen ari zaio, eta bien bitartean liburu-egitasmoa aurrera ateratzeko diru-bilketa abiatu du crowdfunding plataforma baten bitartez. Gipuzkoako Aldundiak onartu zuen Piztu Meta programaren barruan; eta hala, diru-bilketan lortutako euro bakoitzeko, Aldundiak beste euro bat jarriko du.

Liburuaren azala

Proiektuaren irabaziak Amazoniako Shipibo-Konibo komunitateko umezurtzentzat bideratuko ditu. "Amazonia gero eta ahulago dago eta zuhaitz mozketa masiboak egiten ari dira; ondorioz, bertan bizi direnek, animaliak barne, gero eta zailtasun gehiago dituzte janaria lortzeko. Horrek pobrezia areagotu du, lehen ez zeuden gaixotasunak ere agertzen ari dira eta pandemiak izugarri jo du komunitateetan. Haur asko umezurtz geratu dira, pandemiak familiarik gabe utzi dituztelako", dio Brakamontek. Proiektuaren beste helburua da komunitateko emakumeak laguntzea, Alianza Arkana taldeak sustatutako Kene Nete ekimenaren bitartez, sortzen dituzten artea, diseinua, moda eta komunikazio proiektuei ekarpen ekonomikoa eginez. "Emakume gazteek ikasketekin jarrai dezaten eta beren artearekin bizimodua aurrera atera dezaten; eta hala mehatxatuta dagoen beren kulturak bizirik jarraitzeaz gain, emakumeen ahalduntzea bilatzen dute".