Ekainaren 5ean eginen dute "besta herrikoi eta erraldoia", Amaiurren eta Elizondon. Amaiurko batailaren 500.urteurrena gogoratzeko unea izanen da.
"Amaiuraldian, ez goaz soilik historiaz aritzera. Amaiuraldian, historia idaztera goaz", adierazi nahi izan du antolatzaile den Nafarroa Berriz Altxa-k. Ekainaren 5ean jarri dute hitzordua Amaiur eta Elizondon, momentu "ahaztezin" eta "historiko" bat bizitzeko: "[Amaiurko batailaren] 500. urteurrena baliatuz, etorkizuneko burujabetzaren aldeko olatua, gaurdanik, egi bihurtzeko".
11:30ean ekitaldia eginen dute Amaiurren, ondotik hiru kilometroko martxarekin segituko dute, Elizondora arte. Bertan egonen da besta, besteak beste Trikidantz eta Madame Birrotsen kontzertuekin.
Autobusak antolatu dituzte Nafarroa osotik Amaiur herrira arte. Webgunea ere sortu dute xehetasun guztiak zabaltzeko asmoz.