argia.eus
INPRIMATU
Amaiur, haren adoreak interpelatzen gaitu

Nikolas Xamardo Xabier Rodriguez 2022ko abuztuaren 04a

Amaiurko gaztelua (1522), Baztanen, erresistentziaren azken gotorlekua izan zen Nafarroako Erresumaren konkista espainiarraren aurrean. Matxinatuek, beren adorearekin, Espainiako erresumari menderatuak ere, haien adoreak interpelatuta, konkistatzaileen aurka altxatzea bilatzen zuten.

Hara hemen Amaiurrek eman digun irakaspen ahaztezina: Gu gai izan bagara Nafarroako Erresumaren konkistatzaileei aurre egiteko, gure herriak ere edozein unetan egin dezake, beti baitago arrazoia zapaltzailearen aurka egiteko.

Zergatik Amaiurrek irauten du gure memoria kolektiboan, gertakizun hartatik 500 urtera? Zergatik bilakatu da porrot...garailea? Azter dezagun hemen dagoen prozesu subjektiboa. Amaiur defendatu zutenen adorea gure subjektibitateari deika ari da konkistatzailearen arauarekin apurtzeko, hots, superego hispano-galoarekiko menderakuntzatik atera, angustia-egoeratik atera (estatu espainiar eta frantsesaren errepresaliak sortzen duen beldurretik libratzea) eta adorera pasatzea justizia lortzeko (bi estatuekiko EH independentea). Gure kontzientzia nazionalari deika ari den eta arituko den interpelazio baten aurrean gaude.

Horregatik izan dira eta izango dira erreferente Euskal Herriaren independentziaren alde borrokatu diren eta borrokan ari diren guztientzat. Menderatzen duen zapalkuntzaren aurka Euskal Herria altxatu ahal izatea historiako hainbat gertakizunetan loratzen den egitatea da: matxinadak, karlistadak, ENAM, etab. Izan ere, Lacanek dioen bezala, ez dago alferrikako adorerik.

Adierazgarria denez, Nafarroako erresumaren lehenaldia eta orainaldia lotzen duen neurrian, aipa dezagun Jorge Oteizak kontatzen duena (Eskerrona Nafarroako Urrezko dominagatik, Egin, 1992/12/3), adibidez adierazten baitu aurreko guztia.

Gure eskultore unibertsalak dio pairatzen dugun identitate-krisia memoria historikorik ez izatean datzala; eta tesi hori argitzen du bi pertsonaien bidez, bat nafarra eta bestea gipuzkoarra, zeinek, elkar ezagutu gabe, bi erabaki berdinak haratu zituzten.

Oteizak, zeinaren familiak Gipuzkoara emigratu behar izan zuen Nafarroako erresumaren konkistaren ondoren, historiako bi une identifikatzen ditu, elkarren artean hainbat mende tarteko: Vatikanoaren itsuskeria Jose Antonio de Agirre katolikoaren aurrean Espainiako Gerra Zibilean eta Julio II.a aita santuaren bula-salmenta Errege Katolikoei, Nafarroa Albako Dukearen aurka altxa ez zedin eta hola Nafarroa exkomunikatu berriaren konkista legitimatzeko.

Julio II.a aita santuak, aipatutako buletako diruarekin, Miguel Angelen obrak Kapera Sixtinoan bere ohore pertsonalerako ordaintzen dituen unea azaltzen du eskultoreak.

Nafarrak, Gerra Zibilaren ondoren Buenos Airesetik, Vatikanoarekin justizia historikoa egitea erabakitzen du. Han egonda Oteizak Caparrosoko beste nafar batekin konektatzen du, Pablo de Radarekin, Plus Ultra (1927) espedizio aeronautiko trasatlantikoko mekaniko heroikoarekin alegia, Vaticanoa bonbardatzeko prest, haren ondorioak ondorio. Argi dago bai bata bai bestea beste Amaiur bat direla.

Hara hemen Amaiurren interpelazioari buruzko inkesta kualitatibo honen une batzuk, zeinek gure imajinario kolektiboan irauten duten eta erabaki historiko honen gaurkotasun betikoari buruz, adore-ekintza iraunkor honi buruz, hitz egiten duten.