argia.eus
INPRIMATU
Amaiur Epher eta Jamattitt Dirassar-en arteko solasaldiaz gozatzeko aukera izango dugu Ziburun
  • Zubiburu izena jarri diote antolatzaileek ariketari, eta esperientzia luzeko idazle bat ibilbide laburragoko beste batekin juntatzea du helburu. Goizeko 10:15etan iraganen da ariketa, Ziburuko III. Euskal Liburu eta Disko Azokaren kari.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko ekainaren 03a

Batak 75 urte eta besteak 28. Biak idazle. Idazle izaera horri begiratuko diogu bihar Zubiburu solasaldian, adinak, hots, bizitzak dakartzan gogoetei, ideiei, esperientziei, bizipenei –eta idazleen kasuan, liburuei– lekua eginez. "Gazte eta zahar… baitezpada bistakoa ez den genealogia bat bilatzean izan daiteke arriskua. Ez dakit zein izpiritutan antolatua den. Baina, interesgarria zait bi unibertso kontrastatzea, hurbiltzen eta urruntzen gaituenaz aritzea", dio Epherrek.

Izpuran sorturiko Epherrek Profeten iruzurra plazaratu zuen iaz, Maiatz argitaletxearekin, eta hori aitzin, bi antzerki ere idatzitakoa da. Hori idazketari dagokionez, horretaz gain musikan eta antzerkigintzan ere baduelako esperientzia. Liburu andana dauzka idatzirik ondoan ukanen duen Dirassarek: Hegiko Bordatik (1995), Bihotzeko mina (1997) eta Bele Xuriak (2013), Elkar argitaletxearekin. Kazetari gisa ere ezaguna dugu, Sud Ouest-en aritu zelako eta oraindik ere Herria astekarian eta Euskal Irratiak irrati multzoarentzat segitzen duelako berri-emaile gisa.

Biak dira gogotsu eta kurios Zubiburu ariketaren parean. "Harreman horiek baliosak dira. Bakoitzak bere nortasuna atxikiz, baina besteekin gurutzatuz, ez da onik baizik izaten ahal, ontsalaz” Dirassaren hitzetan. Maia Muruaga kazetaria ukanen dute artean, elkarrizketa aitzina eramanarazteko ariketan. Pertsonalki ez bada ere, biek dute bestea bistaz eta entzutez ezagutzen. Nahiko lasai dira Zubiburu-rako: han berean ikusiko dute nondik jo nahi duten... ez doaz hau erranen dut eta hori galdetuko diot izpirituan.

Horrez gain, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak aurten omenduko duen idazlea da Dirassar. Poz handiz hartu du omenaldia aspaldian Ziburun bizi den idazleak, nahiz eta bereari baino haratago luzatzen duen begirada: “Atseginekin begiratzen diot, ez diot erranen ezetz omenaldiari, baina pentsatzen dut egun hori dela euskal kulturaren eta euskal nortasunaren besta. Hori dugu gogoan atxiki behar”.

Idazle gazteak sostengatu behar direla uste du Dirassarek, "segi dezaten aitzina, geroz eta gehiago". Xehetasun handirik ez digu eman Epherrek, baina bai, "idazteko gogoa" baduela, eta hori jada berri ona da. Bihar goizean, ekainaren 4an 10:15etan dauka hitzordua irakurzaleak edota kuxkuxeroak, bataz zein besteaz gehiago jakiteko.