argia.eus
INPRIMATU
Amaitu da Fresneseko euskal presoen gose greba: Itziar Moreno isolamendutik aterako dute
  • Fresneseko presoek bertan behera utzi dute hemeretzi egun iraun dituen gose greba, espetxeko zuzendaritzak Itziar Moreno lekualdatuko duela baieztatu ostean. Neurri horrekin, bertan behera geldituko da haren isolamendu egoera.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 30
Protesta ekintza ugari egin da Itziar Morenoren egoera salatzeko (Arg: @uaiartza).

Presoek larunbat gauean amaitu zuten gose greba. Hala ere, Moreno espetxez aldatzen dutenera arte, “mitard” isolamendu ziegetan jarraituko dute Ekhiñe Eizagirre eta Iratxe Sorzabal presoek.

Espetxeko zuzendaritzak ez du jakinarazi nora eramango duten Moreno, baina argitu du emakumezko euskal presoak dauden kartzela batera lekualdatuko dutela.  

Presoak protestan

Maiatzaren 2az geroztik isolamendu egoeran eduki dute Itziar Moreno. Kartzelako bizi baldintzak hobetzeko mobilizazioen buru izatea leporatu zion zuzendaritzak. Egoera salatu nahian, Fresneseko hainbat preso politikok gose greba mugagabea hasi zuen maiatzaren 10ean. Ordutik protesta ekintza ugari egin da Morenoren egoera salatzeko.

Joan den astean kartzelaz aldatuko zutela jakinarazi zion Fresneseko emakumeen moduluko zuzendaritzak Morenori, “noiz eta nora zehaztu gabe”. Isolamendu egoeratik ateratzen zuten bitartean gose greba egitea erabaki zuen presoak. Espetxe berean dagoen Ekhiñe Eizagirrek ere gose greba hasi zuen; janariari uko egiten hasi zen Iratxe Sorzabal.