argia.eus
INPRIMATU
Amaierak zerumugan

Iñigo Martinez Peña 2024ko abuztuaren 23a

Edozeren amaiera aurreikustea modan jarri da. Gizakiaren amaiera, ideologiena, komunitatearena, autoritatearena, filosofiarena, edota demokraziarena. Sentsazionalismoz beteriko etiketak dira?

Agian Francis Fukuyama izan zen amaieraren moda hori hasi zuena. Berlingo harresia jausi ondoren, Historiaren amaiera deituriko saiakera idatzi zuen: gertaera haren ostean betiko nagusituko ziren merkatu ekonomia askea eta askatasun indibiduala, pentsamendu homogeneo eta sistema bakarrean. Agur, historia!

Fukuyamaren liburuaren izenburuak izugarrizko arrakasta izan zuen. Ez al da sintomatikoa? Ororen amaiera pentsatzen duen garaia bizi dugu. Badirudi “post” aurrizkia, edo “ostea” atzizkia, ohiko bilakatu zaigula, mundua pentsatzeko ezinbesteko kontzeptua dela: post-humanismoa, postmodernitatea, egia-ostea… Zer pentsa ematen du.

Baliteke, dena den, amaiera ulertzeko hainbat adiera izatea buruan egungo pentsalariek: tragedia gisa, aukera berri gisa edo aurrekoa kritikatzeko modu gisa. Edozein modutan, amaieraren ideologia dugu nagusi, bukaera bultzatzen da.

Nire ustez, berrikuntza etengabearen paradigmak bultzatzen du bereziki joera hori, denari iraungitze data jarrita. Amaiera-berrikuntza binomioa, jarraipena edo errepikapena baino askoz gehiago erabiltzen eta goraipatzen da egungo diskurtsoetan. Errepikapena erabat gutxietsita dago, lotsagarria dirudi etengabe eraberritze lanetan dabilen mundu honetan.

Denboratik errepikapena ezabatzea al da gakoa? Hala dirudi denboraren ikuspegi neoliberala kontuan hartuta. Prentsa onik ez badu ere, errepikapenaren aldeko argudio batzuk eman nahi ditut: politikoak, existentzialak.

Dantzan aritzeko pauso batzuk errepikatzen ditugu, abesterakoan estrofak. Poema zaharrak ikasteko oso lagungarria da rapsoden metrika, bertsoen kadentzia errepikakorra. Eta haurrek behin eta berriz entzun nahi izaten dute ipuin berbera. Errituak komunitateak errepikatzen dituen elkarguneak dira: denboraren etxeak, Byung Chul Hanen arabera.

Eta gure gorputzek? Bizitzaren garaiak errepikatzen dituzte: haurtzaroa, helduaroa, zahartzaroa. Gure gorputzetan islatzen dira, belaunaldiz belaunaldi, gure aitona-amonen markak. Horra hor bizitzaren udaberria, uda, udazkena, negua. Aurrerapenaren eta amaieraren haustura soila azpimarratu beharrean, bestelako denbora bizi daiteke: jarraipenarena eta metamorfosi txikiena. Izan ere, errepikapena ez da sekula berdin-berdin gauzatzen, ez da aurrekoaren kopia garbi bat. Jarraipena eta aldaketa barneratu ditzake. Horixe dugu errepikapenaren paradoxa: buelta bakoitzean berdin eta desberdin dago, aldi berean.

Errepikapena, beraz, ez da modu burokratiko eta aspergarrian ulertu behar. Joan-etorrien mugimendu bizia ere izan daiteke! Horregatik bueltatzen gara, gogotsu, noizbait gustuko izan ditugun idazle, kantu, paisaia, pertsona, lagun eta maitasun horietara. Berberak eta beste batzuk izatera, gugan utzitako oroitzapenaren marka berreskuratzera.