argia.eus
INPRIMATU
Amaia Zubiriak jasoko du 2021eko Adarra Saria
  • Musikaren Europako Egunean jasoko du saria Amaia Zubiriak, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 28a
Amaia Zubiria

Amaia Zubiriak jasoko du 2021eko Adarra Saria ekainaren 21ean. Saria jasotzeaz gain kontzertua eskainiko du Victoria Eugenia antzokian bere kantari ibilbidean alboan izan dituen musikariekin batera. Egun horretan Zubiriak eskainiko duen kontzerturako sarrerak salgai dira dagoeneko.

Berria egunkariak jaso duenez, “Benito Lertxundik esnatu ninduen ni euskal kantagintzara”, esan du Amaia Zubiriak Victoria Eugeniako Foyer aretoan. “16 urte nituen nik, eta Benitok, bost gehiago. Abesti lehiaketa batera joan nintzen ezkutuan, etxean ezer esan gabe, Donostiako Arte Ederrak teatrora [1963an]. Han aditu nuen Benito, erdaraz kantatzen aurrena eta gero euskaraz. Orduan esnatu nintzen”. 

“Euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da Amaia Zubiria”, adierazi du Donostia Kultura erakundearen aholku batzordeak. Jose Joakin Forcada, Auria Etxeandia eta Esther Fernandinok osatzen dute batzordea. “Aparteko gaitasuna duen kantaria eta musikaria da, kantu tradizionalen gaurkotzailea”. 

Adarra Saria

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria. Euskal musikaren munduan ibilbidea edo eragina izan duten artistak omentzeko. Zortzigarren aldia da Adarra Saria ematen dutela. Lehen saria Mikel Laboak jaso zuen, eta gaur egun arte saria jaso dute Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anari Alberdik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak.