argia.eus
INPRIMATU
Amaia Astobiza Uriarte
“Federici euskaratzeak erakutsi zidan feminista naizela”
  • Amaia Astobiza Elhuyarren dabil hizkuntzalari lanetan, eta Federiciren lau liburu euskaratu ditu Katakrakerako. Noizean behin Hordagon ere ibiltzen da, testuak zuzentzen.

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto Nerea Fillat 2021eko abenduaren 13a
Amaia Astobiza Uriarte, Zornotzan. / Argazkia: Christian Garcia.

Ana Uriarteren alaba da. Zornotzaren handitzearen aldaketak bizi zituen haurtzaroan, kalekumea zela. Kimika ikasketak egiten hasi zen arren, ibilbide ezberdinari eutsi dio bizitzan eta hiztegigintzan ari da lanean. Zornotza-Usurbil ardatza astean hirutan egiten du. Errepidea, estresa, denbora eta arriskua. Kapitalismoaren ereduaren kontraesanen materialtasuna sentitzen du momentu horietan. Bakardadea gustura bizi du eta, bere harridurarako, txakurrekiko erraztasuna duela jakin izan du duela gutxi; horrek autonomiarako tarte bat eman dio egunerokotasunean.

Haurtzaroan gure senaren gauza asko osatzen dira.

Hala pentsatzen dut nik ere. Ni Zornotzan hezia naiz, eta herri txikitik herri handira pasatzeko prozesua bizi izan nuen. Ikastolara joaten, kontziente nintzen nire auzokide asko kanpotik etorritakoak zirela; haiekin joaten nintzen txistua jotzen ikasten edo kalean jolasten nintzen. Amankomunean gauza gehiago nituela sentitzen nuen, gure familiak baserrietatik etorriak zirelako eta haienak ere landa eremukoan ziren, denok lurra oso gertu genuen eta munduaren parte bat konpartitzen genuen.

Udak xamurtasunez gogoratzen dituzu...

Udak Zornotzatik lau kilometrora zegoen baserri batean pasatzen genituen; izan ere, gurasoak baserrian jaioak ziren, nahiz eta umetan herrira bizitzera joanak ziren. Baserri garaiko oroitzapen pizgarriak baditut ere, batzuetan beldur ere banintzen, batez ere kortako iluntasunean marruka aritzen ziren behien beldur. Askotan familia zabala biltzen ginen, eta horren oroitzapen ona ere badut. Eta ez dut ahazten auzokideen artean egindako zementuzko igerilekua, haren inguruan sortzen zen giro alaia. Nahiko bakartia nintzen, eta amak Verdes liburu dendatik ekartzen zizkidan liburuak leiho bat ziren niretzat, berezi sentiarazten ninduten. Urte osoa dendako paperarekin forratuta uzten nituen.

Nola bilakatzen da Kimikan graduatua den pertsona bat Silvia Federiciren lau liburu euskarara ekarri dituen itzultzailea?

Amaren aholkuari jarraituz, letretarako nuen joera gerora lantzeko utzi eta zientzietako karrera bat hautatu nuen. Halere, unibertsitatean beste kontu batzuekin egin genuen topo: euskarazko irakaslerik ez, irakasle kaleratuak campusaren atarian, intsumisioaren gaia puri-purian… Ia konturatu gabe, beti geunden zerbaiten aurka borrokan. Ikasketekin aurrera jarraitzen nuen, baina estropezuka, eta ez nuen neure burua gai ikusten alor horretan ibilbide bat egiteko. Kimikako lehen zikloa gaindituta eta ikasketa haiek Eskozian urtebetez osatuta, Elhuyarren hasi nintzen lanean, eta geroztik hortxe jarraitu dut, hiztegigintzan, itzulpenetan, aholkulari lanetan…. Geroago Berdintasun teknikariaren masterra ere egin dut, eta orain Humanitate Digitalen graduondokoarekin nabil.

Nolanahi ere, duela bospasei urte bikote harreman batek depresio handi batera bultzatu ninduen, eta handik ateratzeko borrokan ari nintzela, Federiciren liburu bat itzultzeko aukera iritsi zitzaidan; autoestimua txikitua nuen, eta hura berreskuratzen jarraitzeko bide gisa heldu nion itzulpenari. Hortxe abiatu zen Federicirekin eta Katakrakekin batera egin dudan ibilbidea.

Feminismoaren eztabaidetan sakontzeko aukera...

Hori da. Haurrak izan nituenean niretzat oso gogorra izan zen ikustea gizartearen parte handi batek niri zegokidala zainketen ardura gehiena uste zuela. Karga bezala bizi nuen, eta dezepzio handia hartu nuen momentuan. Une hartan feminismoa falta zitzaiguneko sentsazioa daukat.

Eta orain...

Zornotzako mugimendu feministan parte hartzen dut, ahal dudan neurrian. Adin eta ideologia desberdinetako jendea biltzen gara, eta oso emakume baliotsuz inguratuta nago. Batez ere herriko emakumeen beharrei begira lan egiten dugu.