Arabako Lurralde Auzitegiak 22 urte eta erdiko zigorra ezarri dio Amagoia Elezkanoren hiltzaileari, hilketa azpikeriaz eta basakeriaz egin zuela frogatutzat emanda.
Francisco Javier M.N.-k maiatzaren 23ko goizaldera hil zuen Elezkano lo zegoela, Laudioko etxean. 43 sastada sartu zizkion. Epaiak dio Elezkano izatezko bikotekidea izatea larrigarri dela, eta aldiz, hilketa aitortu izana aringarri. Kartzela zigorraz gain, 300.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio bien semeari eta 100.000 euro Elezkanoren gurasoei. Adin txikiko semearen guraso-ahala ere galdu du. 32 urtez ezingo du hildakoaren senideekin harremanik izan eta ezingo du Elezkanoren jaioterrira, Orozkora, azaldu.
Auzitegiak ez du onartu hiltzaileak bere burua defendatzeko emandako argudioa. Epaiketan esan zuen Elezkanok bien arteko harremana mozteko asmoa zuela eta eztabaidan ari zirela jelosiazko eta amorruzko eroaldiak eman ziola. Epaiak dio harreman hausketa edo maitasun galera ezin direla aringarritzat hartu: “Erresuminduta zegoelako hil bazuen, ez dago aringarririk, ezta uste bazuen ere berea zena kentzen ari zitzaiela”.