“Laborantzako lurra zaindu” izango da aurtengo Lurraman zabalduko den mezua. Lurraren egoeraren larritasunaz ohartarazi nahi dute gaurtik hasi eta asteburu osoan Biarritzen. Hitzaldi, erakusketa, film, merkatu eta festa anitz antolatu dira horretarako.
Ipar Euskal Herrian nekazaritzara bideratutako 1.000 hektarea inguru galdu dira urteko, azken hamar urteetan. Lurren salerosketak ere ugaritu egin dira eta nekazarien egoera ahulduz doa. 1999tik 2010era bitartean nekazal lurren prezioak %40 igo direla salatu dute. Gainera, urbanizazio planek ez dituzte kontutan hartzen laborantzaren betekizunak. Hori horrela, egoeraren inguruan kontzientzia kolektiboa sortzea du helburu Lurramak.
Laborari astekariak Maryse Cachenaut Lurramako presidentearen hitzak jaso ditu: “Egoera arduratzekoa da. Bisitariekin elkarbanatu nahi dugu gogoeta eta irtenbideak bilatzeko eztabaidak sortu”.
Euskal Herritik harago joateko intentzioarekin, munduko txokoetako laborari txikien defentsan lanean diharduen Via Campesina-ko kideak izango dituzte gonbidatu Lapurdin. Josie Riffaud erakundeko nazioarteko Koordinazioko Komiteko kidea izango da Via Campesinako bozeramailea. Unai Arranguren eta Michel Berhocoirigoin kideekin batera hitz egingo du sortu duten mugimenduaz.
Hainbat konferentzia prestatu dituzte astebururako Lurraman. Klikatu hemen.