argia.eus
INPRIMATU
Ama bakarren eskubideak berma daitezela aldarrikatu du LABek
  • Espainiako Auzitegiak martxoan ebatzi zuen ama bakarreko familiek 16 asteko zaintza baimena izango zutela, eta bi gurasoko familiek 32 astekoa. LAB sindikatuak epaia "onartezintzat" jo du, eta zaintza eskubidearen garrantzia berretsi du astelehenean manifestazio batean Gasteizko Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 16a
Manfiestazioa astelehenean Gizarte Segurantzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Argazkia: LAB.

Espainiako Auzitegi Gorenak martxoaren 8an epai bidez ebatzi zuen ama bakarrek zaintza baimen gutxiago izango dutela bi gurasoko familiek baino. Ama bakarreko familiek, orotara, 16 asteko zaintza baimena izango dute, eta bi gurasoko familiek, aldiz, 32 astekoa. Gizarte Segurantzak ere antzerako egiten du, guraso bakar batek bi gurasotasun baimena metatzeko aukera ukatzen du.

LABek, ordea, manifestazioa egin du astelehenean ama bakarren eskubideen alde Gizarte Segurantzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Salatu du praktikan eredu bakarra dela "nagusitasunez erdigunean" kokatzen dena, eta gainontzekoak "bigarren mailakoak" direla. Era berean, adierazi du "sistema (zis)heteropatriarkal honen mekanismoak" familia eredu nuklearra indartzera eta saritzera" bideratzeaz gain, hortik kanpo kokatzen diren aukera guztiak zigortzen dituela.

Sindikatuak "zapalkuntza" bikoitzaz hitz egin du: "Sexuaren araberako diskriminazioa gertatzen da, guraso bakar gehienak emakumeak direlako, batetik, eta zaintza eskubidea urratzen da, bestetik, zaindua izan behar duen pertsona ere diskriminatu egiten delako".

Hala, LABek aldarrikatu du zaintza erdigunean jarriko duen "sistema oso bat". Baita Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Lan Kode eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat ere.