argia.eus
INPRIMATU
Alzheimerra ikertzeko zentroa sortuko dute EHUk eta CITA fundazioak
  • Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta CITA-Alzheimer fundazioak garatutako proiektuak gaixoen bizi kalitatea hobetzea eta etorkizunean prebentziorako metodoak bilatzea du helburu.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 21a
Guillermo Quindós EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren arloko errektoreordea, Ainara Estanga neuropsikologoa eta Pablo Martínez-Lage CITA-Alzheimer fundazioko zuzendari zientifikoa. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta CITA-Alzheimer fundazioak alzheimerra ikertzeko zentro bateratua sortuko dute, Basque Center for Alzheimer’s Prevention (BCAP). Bost urtez batera jardun ondoren, lankidetza akordio berria sinatu dute bi aldeek eta zentroa martxan jartzea izango da hitzarmenaren oinarria.

Pablo Martínez-Lage CITAko zuzendari zientifikoak etorkizunean gaixotasunak izango duen garapenari aurre egiteko tresnatzat hartu du BCAP. EUSTATen arabera, egun, 40.000 biztanleri eragiten dio alzheimerrak EAEn; 2050ean, 75.000 izango direla aurreikusten da. Biztanleriaren etengabeko zahartzeak alzheimerra eta beste eritasun neurologiko batzuk pairatzen dituzten pertsonen kopurua haztea eragingo du, baina mota honetako ikerketan bidez, kasuak prebenitu eta “zahartze aktibo eta osasungarria” ahalbidetu daitekeela adierazi du Martínez-Lagek.

Guillermo Quindós EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren arloko errektoreordea bat etorri da. Alzheimerra prebenitzeaz gain, hainbat jakintza alorretatik “pazienteen bizi kalitatea hobetzeko irtenbideak bilatzea” izango da proiektuaren helburua.

BCAP zentroan ikertzaileen formazioa egingo da, dibulgazio zientifikoa eta osasun arloko prestakuntza eskaini, biztanleriaren sentsibilizaziorako programak garatu eta datuen bilketan oinarrituta, lankidetzan egingo diren ikerketa ildoak ezarriko dira. Bertan, hainbat elkartek hartuko dute parte. Besteak beste, alzheimerra ikuspuntu sozio-emozionaletik lantzen duen Qualiker taldea, gaixoentzako laguntza birtualeko teknologia garatzen duen SPIN taldea zein Aldapa, machine learning eta adimen artifizialaren inguruan lanean dabilena.