argia.eus
INPRIMATU
Alvaro Camposek energiari buruzko hitzaldia emango du urriaren 24ean Zizurkilen
  • "Sare elektrikoak eta lurraldea: sistema energetikoa eztabaidagai" hitzaldia emango du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak. Herribizigune eta Ezkeltzu Bizirik taldeek elkarrekin antolatu dute hitzaldia.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko urriaren 22a

Ingenieritza Termikoan da doktorea Alvaro Campos. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakaslea izateaz gain, lurraldearen defentsarako hainbat plataformetan hartzen du parte.

Infografiez eta irudi bidez lagunduta emango duen hitzaldian, era oso ulergarrian azaltzen du nola dagoen sare elektrikoa antolatuta: energia sortzen denetik herritarrek etxean argia pizten duten arte zein den argindarrak egiten duen bidea, urrats bakoitzean zein diren eragileak eta jabeak...

Energia berriztagarriak zer diren ulertzeko eta hainbat logikaz hausnartzeko bidea emango du hitzaldiak: tokian tokiko energia berriztagarriek zer logikari jarraitzen diote? Eta berriztagarrien makroproiektuek? Energia eredu bera dira? Bateragarriak dira?

Camposek gazteleraz emango du hitzaldia, azalpen teknikoak euskaraz adierazteko besteko segurtasunik sentitzen ez duelako. Euskaraz primeran ulertzen du eta entzuleek aukera izango dute nahi duten hizkuntzan zuzenean galderak egiteko.

Herribizigune eta Ezkeltzu Bizirik taldeek elkarlanean: herritarrei egindako galdeketen emaitzak plazaratuko dituzte

Hitzaldia urriaren 24an, osteguna, 19:00etan Zizurkil behean izango da, Atxulondo kulturgunean.

Herribizigune eta Ezkeltzu Bizirik taldeek antolatu dute, elkarlanean. Herribizigune kooperatiba Zizurkil herri bizia izan dadin ari da lanean, esaterako, bertako eta gertuko laborarien elikagaiak herritarren eskura jartzen ditu. Ezkeltzu Bizirik taldea Green Capital enpresak Ezkeltzu gainean egin nahi duen 200 metroko lau haize-errotako makroproiektuaren aurka ari da lanean.

Energiaren gaian, Zizurkilen energia komunitatea aktibatu nahi dute bi taldeek elkarrekin eta horretarako lehen urrats modura herritarren artean galdetegi bat zabaldu dute. Elkarrekin egingo duten bigarren ekitaldia hitzaldi hau izango da, herritarrak energiaren gaiaz informatzeko eta eztabaida plazaratzeko. Hitzaldi honetan emango dute herritarren artean zabaldutako galdetegiaren emaitzei buruzko informazioa.