argia.eus
INPRIMATU
Altzoko Handiaren hezurren bilaketari ekin dio Aranzadi elkarteak
  • Altzo azpiko hilerrian ari dira egiten indusketa lanak. 160 urte igaro dira erraldoiaren heriotzatik, eta oraindik zehazteke dago bere hezurrak bertan dauden ala ez.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 13a

Asteazken honetatik aurrera Migel Joakin Elizegi, “Altzoko Handia” izenez ezaguna zenaren gorpuzkien bilaketa lanetan ari dira Aranzadi Elkartekoak, Altzo azpiko elizaren aldamenean. Izatez, 1861ean zendu zen erraldoiaren hondarren kokalekua misterioa da gaur egun.

2,40 metro inguruko gizasemea garaiko kondaira herrikoia bilakatu, Gipuzkoako herri txiki hartatik irten eta Europan barrena ibili zen ikuskizunak eskaintzen. Jaioterrian igaro zituen bere bizitzako azken urteak, eta gaitz batek jota hil zen. Herriko hilerrian lurperatu zuten arren, inork ez daki hezurrek bertan jarraitzen duten ala hobitik atera eta lapurtu egin zituzten.

Berria egunkariak jakinarazi duenez, Altzoko Handiaren ondorengoak bertaratu egin dira. Eurek ere entzun izan dute gorpuzkien lapurretaren zurrumurru historikoaz ezer. Dena den, Txomin Rezola alkateak zehaztu duenez, “inoiz ez da horren berririk jaso”. Ikerketak, beraz, behingoz “bertsio ofiziala” osatzea du helburu.

Hipotesia

Paco Etxeberria zientzilari forentseak gogora ekarri duenez, Parisko Gizakiaren Museoan bada, Altzoko Handiaren gisara, akromegaliadun hezurdura bat. Ez dakite norenak diren hezur horiek, beraz, Altzoko Handiaren hondakinak ostu bazituzten, baliteke Pariskoak izatea bere hezurrak. Beraz, hilerriko indusketetan ez balituzte gorpuzkiak topatuko, Aranzadik oraindik badu nondik jarraitu hariari.