argia.eus
INPRIMATU
Altzoko Handiaren hezurrak topatu dituzte Altzoazpiko hilerrian
  • Gorpuzkiak ez zeuden Migel Joakin Eleizegiren hilobian, hezurtegian baizik.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 17a
Altzoko Handiaren hezurrak. Argazkia: Gaztezulo

Aranzadi Zientzia Elkarteak Miguel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren gorpuzkiak aurkitu ditu herriko hilerrian bertan, larunbat arratsaldean. Pilar Unsain Eleizegi ondorengoa izan zen albistearen berri izan zuen lehena. Unsainek Paco Etxebarria antropologoaren deia jaso zuen, hilerrira hurbiltzeko eskatuz. Herriko alkateak jakinarazi zion gorpuzkiak aurkitu zituztela.

Aranzadi Zientzia Elkarteko 15 laguneko ikerketa taldea lanean zebilen abuztuaren 12tik, Altzoko hilerrian indusketa lanetan, Paco Etxeberria eta Lurdes Errasti buru.

Miguel Joakin Eleizegi XIX. mendeko gipuzkoar erraldoi bat izan zen. Garaiko lekukotzen arabera, Elizegik 2,42 metro inguru neurtzen zituen. Nazioartean ibili zen, Elisabet II.a Espainiakoaren eta Erresuma Batuko Victoria erreginaren aurrean besteak beste. 1861ean hil zen, gaixotasun batek jota.

Elezaharrak zabaldu ziren haren gorpuzkien kokalekuaren inguruan. Bi hipotesi handi zeuden erraldoiaren inguruan: lehena, hezurrak herrian bertan lurperatuta zeudela; eta bigarrena, berriz, norbaitek hondakinak lapurtu egin zituela ikerketa baterako. Dirudienez, egia misterio gutxien gordetzen zuena da: gorpuzkiak ez dira inoiz Altzotik mugitu.

Astelehen honetan, Aranzadiko adituekin batera, Eleizegiren ondorengoek elizaren ondoan dagoen hilerri txikian aurkitutakoa erakutsiko diete hedabideei.