Arcelor Mittal transnazionaleko zuzendaritzak asteartean jakinarazi zuen Zumarragako lantegiko jarduera eteteko erabakia; merkatuko baldintzek bultzaturiko hautua izan dela azaldu dute, besteak beste, argindarraren kostuak eragindakoa.
Gaiaren inguruko txostena argitaratu du Gorka Bueno EHUko irakasleak hil honen hasieran; ELA sindikatuak azterketa hori aipatu du altzairugileen erabakia salatzeko. Azterketak baieztatu du Espainiako Estatuko argindarraren batez besteko prezioa Europako beste hainbat herrialdeetan baino merkeagoa dela, batez ere, industria alorreko kontsumitzaile handientzat. Argindarraren prezioak azken urteetan izan duen igoerak kontsumitzaile txikiengan izan du eragin handiena; etxeko kontsumoaren prezioak %70 egin du gora eta enpresen kasuan, %40 hazi da.
Produktu eta Instalazio Siderurgikoen Esportatzaileen Espainiako Elkarteak (SIDEREX) eskainiriko datuak erabili izan dituzte industria alorreko zenbait agintarik. Datu horiek gezurtatu ditu Gorka Buenok. Txostenaren arabera, SIDEREXek argitaraturiko datuak okerrak dira eta Espainiako Estatuko industria erabilerarako argindarraren batez besteko prezioa ez da Alemaniakoa baino handiagoa, esaterako. 2014ko urtarrilean, Espainiako Estatuan 0,07 euro ordaindu behar zen kilowatt bakoitzeko eta Alemanian 0,1.
Txostenak dioenez, ez da aintzat hartu Europako gainerako herrialdeek argindarrari ezartzen dioten zerga. Espainiako Estatuaren kasuan, argindarraren prezioak barnean daroa BEZa, Europako beste herrialdeek ez bezala.