Donostiako hiru txokotan altxatu da ostiraleko goizeko bederatzietan Donostia Zinemaldiko oihala: Kursaaleko bi aretoetan eta Victoria Eugenia antzokian. Azken horretan, ehunaren atzeko pantailak, iragarki sortaren ostean, irekitzen den beste oihal baten irudia eskaini digu. Etxe bateko errezelak dira, Peter von Kanten etxeko errezelak.
Peter zinemagile ospetsua da, Karl laguntzaile isilarekin bizi dena. Sidonieren bitartez Peterrek Amir gazte erakargarria ezagutzen duenean, hura bihurtzen da Peterren xanpain, zinema eta musez osatutako unibertsoaren erdigunea. Azkar bilakatzen da, baina, miresmen itsua erdeinu, bi gizonen arteko maitasun istorio pozoiduna samurtasunetik bortizkeriara igarotzen delarik.
Zinemaldiko kuttuna den François Ozonek aurten aurkeztutako Peter von Kant izan da ikusi dudan lehenengo filma, Rainer Werner Fassbinderrek 1972an aurkeztu zuen Die bitteren Tränen der Petra von Kant pelikulan oinarritua.
Fassbidenderren Petra Peter bihurtuta eta Karin ederra Amir, Ozonek bere egiten ditu von Kanten malko mingotsak. Baina zer ote da Peter Petra gabe? Melodrama dosi altua, zinematografia erakargarria eta umore izpi distiratsuren bat. Nire ustez, berriak originalarekiko duen mendekotasun agerikoak ez du zertan negatiboa izan. Alde batetik, Ozonek darabilen fideltasunari esker, omenaldi bezala ondo baino hobeto funtzionatzen du filmak. Izatez, protagonisten generoa eta eszenaratze neurrizkoagoa dira bien artean elementu bereizgarrienak. Era berean, hamaika dira zendutako zuzendari alemaniarraren bizitza zein filmografiari egindako keinuak.
Bestetik, klasikoaren birformulatzeak, Fassbinderren obra zein bizitza zeharkatu zuen biolentzia azalera ekartzea ahalbidetzen du, eztabaidagai bihurtuz. Galdutako maitalearen irudia berpizteko nola, hala biziberritzen du Ozonek miresten duen obra, erreprodukzioari esker. Alabaina, erreprodukzio hori ez da inolako kopia hutsala; baizik eta, Fassbinderren obraren eta, bereziki, jenioaren figuraren berrikuspen apal bezain zorrotza. Hala, Peter von Kantek bere etxeko errezelak ixten dituenean, hau da, narrazioaren oihala jaitsita dagoela dirudienean, filma bukatu ez eta Peterren malkoak irribarre bihurtzen dira Amirren argazkiei begira Ozonen proposamenean.
Bereziki gozoak egin zaizkidan malko horien zaporea gorde nahi izan dut bazkalostera arte. Izan ere, bigarren emanaldi garratzagoa aurreikusi nezakeen Zinemaldiaren aspaldiko beste lagun baten eskutik: Isaki Lacuesta. Perlak sailean Peter von Kantekin batera lehiatzen da Lacuestaren Un año, una noche filma, 2015eko azaroan Pariseko Bataclan aretoan jazotako erasoa ardatz duena.
Gertaeren gauean, Bataclanen zeuden Ramón eta Céline protagonistak, eta biak ala biak tirokatzetik bizirik atera arren, ikusi eta jasandakoarekin bizirauten ikasi behar dute. Trauma kudeatzeko moduez mintzo zaigu Lacuesta, Ramon sentiberaren eta Céline hotzaren erretratu konplexua eraikiz. Un año, una noche pelikulatik azpimarratuko nuke dramaren eta hutsaltasun jatorrenaren arteko oreka aurkitzeko gaitasuna; izua eta barrea txirikordatzeko ahalmena. Aipatzekoa ere bi aktore nagusien lana, Noémi Merlant (Céline) eta Nahuel Pérez Biscayart (Ramón), haien antzezpenak sostengatzen baitu argumentuaren garapen osoa.
Filmaren lehen erdian bikotearen egunerokotasuna aurkezten zaigu, tirokatzearen gaueko flashbackez josita. Primeran jauzi egiten du filmak batetik bestera, bikotearen intimitatera gonbidatzen gaituzten kolore epeletako plano itxi eta intimoetatik; argi, oihu eta soinuen zurrunbilo itogarrian murgiltzen gaituen kamera-lan azkarrera. Motelki goratzen doa tentsioa, tiroketaren unea gero eta hurbilago sumatzearekin batera. Horri dagokionez, eskertzekoa da Lacuestak hartutako hautua, morbotik urrundu eta pertsonaien lanketa psikologikoan sakondu izana.
Hain zuzen ere, bien ezinegonean eta harremanaren endekatzean zentratzen da filmaren bigarren erdia. Formula errepikatuz, tentsio eta eztabaida pasarteak tarte ezti eta itxaropentsuekin tartekatzen dira; oraingoan, ordea, zailagoa da Lacuestak proposatzen duen erritmoari heltzea eta, niri behintzat, nekeza egin zait filmaren azken txanpa.
Hori esanda, heldu da ordua nik ere neure errezelak itxi eta gaurkoz oihala jaisteko. Kezka bakarra dut orain buruan, dramatismo maila hau mantentzen bada hurrengo filmetan, ez da egongo ez Petrarik, ez Peterrik nire negar kopurua gaindituko duenik.