argia.eus
INPRIMATU
Altxa Burua Okondo taldea sortu dute hainbat gurasok, smartphonearen erabileraren adina atzeratzeko
  • Okondoko zenbait familia elkartu dira egitasmoan, kezkatuta baitaude Interneterako sarbidea duten sakelakoen eraginagatik adingabeen hezkuntza eta emozioen garapenean. Euren proposamena da 16 urte bete arte ez ematea gazteei horrelako gailurik eta apurka-apurka egitea, nerabeak lagunduta.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2024ko otsailaren 23a

Altxa Burua Okondo taldea sortu berri dute zenbait familiek smartphoneen erabilerari buruz hausnartzeko eta gurasoei proposatzeko gailu hori izateko adina 16 urteetan finkatzea, gutxienez, eta pixkanaka-pixkanaka eta adingabeak lagunduta egitea.

Izan ere, familiek kezka agertu dute teknologia mota horiek daukaten eraginagatik adingabeen hezkuntza garapenean eta baita arlo pertsonalean eta emozionalean ere.

Zehazki, Altxa Burua Okondoko kideen xedeetako bat da egungo joera iraultzea eta lehen smartphonea erosteko presioa atzeratzea.

Bide anitzak jorratuko dituzte horretarako. Hasteko, adin goiztiarrean Internetarako sarbidea duen gailuen eragin kaltegarriak jakinarazi nahi dituzte. Halaber, zabalpen lan horrekin neurriak ere bultzatu eta adostu nahi dituzte ikastetxeekin; jazarpena, cyberbullinga eta eduki desegokien kontsumoa ekiditeko.

Ahalegin horretan, Altxa Burua Okondok Udalarekin elkarlan harremana sustatu nahi du. "Mugimendu hau estatuan sortu da eta Gobernuan eragitea da bere asmoa. Guk Okondoko Udalarekin lan egin nahi dugu".

Euren edukiak partekatzeko Telegram kanala (AltxaburuaOkondo) eta posta helbidea ere sortu dute: altxaburuaokondo@gmail.com. Web orrialdea ere badute.