argia.eus
INPRIMATU
Altsasuren “erabilera okerra” salatu du Nafarroako Gobernuak
  • Vox, Ciudadanos eta PPren babesarekin España Ciudadana plataformak Altsasun deitu duen ekitaldia dela-eta, Altsasuren eta Nafarroaren “erabilera okerra” salatu du Barkosen Gobernuak. Publiko egin duen adierazpenean, erantzukizuna eta errespetua eskatu die antolatzaileei.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 31

“Gainditu beharreko arerioaren irudia” berreskuratu nahi dutela eta “iraganeko muturreko joeretara” bueltatu nahi dutela leporatu die Gobernuak deitzaileei. Irudi horren aurrean, ordea, gogoratu du askatasuna, pluraltasuna, zintzotasuna eta elkarbizitza direla Altsasu herriaren oinarriak. Horregatik, beste bat da Gobernuak nabarmenduko lukeen irudia: pasa den Errege gauean, errepidean harrapatuta geratu ziren ehunka lagunei aterpea eman zien herriarena.

“Utzi Altsasu bakean”

Vox, Ciudadanos eta PPk babesturiko ekitaldia probokazioa dela ulertuta, erantzun bikoitza emango dute altsasuarrek. Batetik, manifestazioa egitea erabaki du Herri Batzarrak; bestetik, elkarretaratzera deitu du Altsasu Faxismoaren Kontra plataformak. Irakurri xehetasunak hemen.

Herritarrei ere zuzendu zaie Nafarroako Gobernua. "Duintasuna adimentsua", "heldutasun demokratikoa" eta "gizalegea" eskatu die.