argia.eus
INPRIMATU
Altsasukoen auzia berrikusteko saioa urtarrilaren 23ra atzeratu dute
  • Hilaren 14tik 16ra bitarte zuten egitekoa auzi saioa, baina astebete atzeratu dute, eta urtarrilaren 23an eta 24an izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Berria egunkaria @berria 2018ko abenduaren 28a

Altsasuko Gurasoek jakitera eman dutenez, urtarrilaren 23an eta 24an egingo dute Altsasuko auziko epaia berrikusteko saioa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoan. Auzitegi horrek ekainaren 1ean zigortu zituen Altsasuko zortzi gazteak, denera, 79 urtera –bi urtera zigortu zuten bat, eta bederatzi eta hamahiru urte arteko kondena jaso zuten gainerakoek–.

Urriaren hasieran, epaimahai horretako epaileak ezeztatzeko eskaera egin zuten sei auzipeturen abokatuek: Eloy Velasco eta Jose Ramon Navarro magistratuek Guardia Zibilaren dominak jaso zituztela-eta, auzia aztertzeko nahikoa inpartzialtasuna ez dutela zeritzon defentsak. Ez zieten eskaera aintzat hartu, ordea, eta gainera, hori "fede txarrez" egitea leporatu ziteen sei auziperaturi. 600 euroko isuna ezarri zien epamahai horixe izango da ekaineko sententzia berrikusiko duena.

Kartzelaratuek bideo konoferentzia bidez hitz egiteko aukera izango dute. Zaballako espetxean (Araba) dauzkate gaur egun.

Albiste hau Berria.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.