Gazteen espetxeratzetik urtebete pasa dela salatzeko plataformak deitutako manifestazioa jendetsua izan da igande eguerdian Altsasun. Antolatzaileek bi dei egin dituzte: batetik, auziaren kari antolatutako literatur lehiaketan parte hartzeko. Bestetik, ostegunean, 19:00etan Gure Etxea eraikinean eginen den asanbladan parte hartzea. Horretan hurrengo jarduerak zein diren adostuko dute.
Altsasukoak Aske herri asanbladak 5.000 pertsona batu ditu igandean Urte bat espetxean, Altsasukoak Aske, Adur, Jokin, Oihan askatu lelopean egin den manifestazioan. Txalo artean abiatu dira Iortia kultur guneko zabalgunetik manifestazio buruan zihoazen asanbladako kideak eta haien atzetik Altsasukoak aske pankarta handia zeramaten gurasoak. Bidean hainbat lelo oihukatu dituzte: Altsasukoak aske; Adur, Jokin, Oihan, askatu; Hau ez da terrorismoa edo Justizia nahi dugu. Manifestazio burua Erkuden eta Amaia kaleen bidegurutzera iritsi denean akabera Bakea kalea eta Amaia kalean zegoen. 500 metroko espazioa hartu du mobilizazioak eta manifestari guztiei puntu batetik pasatzea ia 12 minutu kosta zaie.
Manifestazioa deitu ondoren etorri zen epaiketaren dataren jakinarazpena: 2018ko apirilaren 17tik 27ra egingo da. Ordurako preso dauden hiru gazteak 17 hilabete eginen dute kartzelan. Herri asanbladatik gogoratu dute defentsen proba asko “tribunalak arbuiatu” egin dituela: “Horrek dugun beldurrean berresten gaitu, iruzurrez beteriko epaiketa zikin bati egin beharko diogu aurre. Gezurrek jarraitzen dute, manipulazioek jarraitzen dute… muntaia aurrera doa”.
Horren aurrean, herri asanbladatik adierazi dutenez, “elkartasuna dugu indar, eta indartsu gaude”, nahiz eta aitortu “urte gogorra” izan dela. Hedabide batzuek hasieran izandako jokabidearekin, sarekadarekin gero, “honek guztiak ezkutatzen zituen interesez kontziente izan ginen, baita muntaia hau elikatzen duten estamentuen potentziaz ere”. Salatu dutenez, “Altsasu kriminalizatzeko makineria oso bat jarri zuten martxan, zilegi diren ideiak zein aldarrikapenak kriminalizatzeko, gazteria kriminalizatu eta zigortzeko”. Horretarako hamar gazteren bizitza aurretik eraman dutela nabarmendu dute eta haiekin herri osoarena ere bai.
Ondoko datuak ere jakinarazi dituzte: Altsasuko gurasoen manifestuak 80.000 sinadura lortu ditu –hemen sina daiteke–; orain arte 53.000 euroko gastua izan dute auzipetuen familiek eta 182.000 km egin dituzte espetxe bidaietan.
Hurrengo hilabeteetako 14. egunetako mobilizazioak eta eguberrietakoak zehazteko batzarra deitu du herri asanbladak. Ostegunean izanen da, 19:00etan, Gure Etxea eraikinean.
Albiste hau Guaixek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta. Argazkiak, aldiz, Ekin Klik-ekoak dira.