Preso dauden gazteen gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformako kideek eskerrak eman zituzten orain arte erakutsitako elkartasunagatik eta mobilizatzen jarraituko dutela espetxeratuak “etxera ekarri arte”.
Iaz egin zuten bezala, aurten ere sanferminen azken eguna aprobetxatuz Altsasuko auzian espetxeratutakoen aldeko elkarretaratzea egin dute Iruñean. Irakurritako adierazpenean gogorarazi dute Oihan Arnanzek, Jokin Unamunok eta Adur Ramirezek 608 egun (hogei hilabete) baino gehiago daramatela espetxeratuta eta hilabete baino gehiago pasa dela Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Iñaki Abad eta Adur Ramirez bigarren aldiz atxilotu zituztenik.
Oraindik jendearen babesa behar dutela gehitu dute Altsasukoak Aske plataformako kideek eta jendea “benetan kontatzen ari dela zer gertatzen eta zer sufritzen” ari diren espetxeratuen eta hauen familiak.
Gogorarazi dute epaibidea oraindik ez dela bukatu, Auzitegi Nazionalak ezarri zien zigorrari helegitea jarri baitiote. “Herri oso bat kriminalizatzeko eta zilegi diren aldarrikapenak isilarazteko helburuarekin" sortutako muntaia “polizial, juridiko mediatiko eta politiko” baten aurrean gaudela gehitu dute.
Bel Pozueta: "Egun on #Iruñea, egun on Estatuko eta munduko toki desberdinetatik San Ferminak pasatzera eta kasualitatez entzuten gaituzuen guztiei, egun on gure ondoan beti zaudetenei!" #AltsasukoakASKE #Nafarroa pic.twitter.com/34Ire9lF4k
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) 2018(e)ko uztailaren 14(a)