Laudioko produktore baten elkarrizketa ez zen egin Altsasukoak Aske zion kamiseta zeramalako. EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek dio EiTB-ren estilo liburuaren arabera jokatu zutela Garak jaso duenez.
Ekainaren erdialdean ETBk kontratatutako ekoizle etxe bat Laudiora joan zen Juan Lekanda bertako ekoizleari elkarrizketa bat egitera gastronomia saio baterako. Lekandak Altsasukoak Aske zioen kamiseta zeraman eta elkarrizketatzaileek esan zioten kamisetan lema bat zeramalako ezin ziotela egin. Kamiseta aldatzeari uko egin ostean elkarrizketatzaileek ez grabatzea erabaki zuten.
EH Bilduko parlamentari Josu Esterronak Maite Iturberi galdetu dio ea zer kargudunek, izen eta abizenekin, hartu zuen erabakia bertan behera uzteko grabaketa, zer arauditan dioen elkarrizketatuek nola jantzi behar duten eta ea beste antzeko kasurik egon den.
Zuzendari nagusiak Gasteizko parlamentuan uko egin dio erantzuteari nork hartu zuen erabakia eta beste kasuren bat egon den. Estilo liburuaren argumentua izan da erabili duen bakarra, “ikusleek, entzuleek eta erabiltzaileek ez lituzkete horrelako mekanismoak erabili behar helburu pertsonal, komertzial edo publizitarioentzako” .
Duela hiru hilabete Espainiako kate publiko TVEko Aquí la Tierra progamak ere gauza bera egin zuen. Ez zuen Kuartangoko abeltzain bat elkarrizketatu Altsasukoak Aske zion kamiseta zeramalako.