argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko udalbatzak bat egin du “atxilotutakoen familien sentipenarekin”
  • Ferietako liskarra eta ondorengo atxiloketak direla eta, hamairu zinegotzitik hamabik, erakunde-adierazpena onartu du ezohiko bilkuran eta manifestazioa deitu dute azaroaren 26rako.

Guaixe .eus @guaixe 2016ko azaroaren 17a

Geroa Baik, EH Bilduk, zinegotzi sozialistek euren izenean eta ez alderdiarenean eta Goazen Altsasuk aldeko botoa eman dute. Kontra UPNko zinegotziak bozkatu du. Alderdi eta koalizioetako bozeramaileen artean, txandaka, irakurri dute onartutako testua.

Altsasuko Udalak, lehenik eta behin, “astelehenean atxilotutakoen familien sentipena gure egiten dugu; defentsarik gabe, babesgabe, eta seme-alaben etorkizunagatik oso kezkatuta sentitzen dira, gertakariak gehiegi puztu direlako eta Auzitegi Nazionalak gertakariak terrorismo ekintzatzat jotzean neurri gabeko zigorrak bete ditzaketelako”.

Hori dela eta, Altsasuko Udalak Nafarroako erakunde guztiei (gobernua, legegilea eta epaitegiak) babesa” eskatu die gertakariak Iruñeko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegian epaitu daitezen. “Han hasi zen instrukzioa eta han dago Foruzaingoaren txostena, bera izan baitzen auziaren ardura hartu zuena eta auzian eskuduna dela uste dugu”.

Altsasuko Udalak epaileen erabakiei errespetua adierazi die, baina gertakariei “terrorismo delitu” zigor-kalifikazioa ematearekin ados ez dagoela gaineratu du. Udalak nabarmendu du atxiloketak egitea ez zela beharrezkoa. Akordioan Altsasuko Udalak “herrian bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua” berresten du, “elkarbizitza horretan aurrera egiteko elkarrizketa eta guztion ardura-jarrera indartuz”. Aldi berean, udalak “erabateko arbuioa” azaldu du “gure herriaz eman den irudiaz, ez baitu errealitatearekin zerikusirik”. Aipatu hedabideetan gazteen bizitza pribatuari eta adin txikikoei buruzko informazioekiko ere arbuioa azaldu du Altsasuko Udalak.

Deialdia

Manifestazioa larunbatean, 12:00etan, aurkeztuko da, Iortia kultur gune pareko plazan. Jende asko bildu nahi duen prentsaurrekoa izan nahi du eta altsasuarrak hartan parte hartzera deitu dituzte.

 

Albiste hau Guaixek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra