2016ko otsailean gertatu zen bortxaketa hura taberna bateko komunetan. Emakumearekin sartu zen gizona, atea itxi eta bortxatu egin zuen. Nafarroako Auzitegiak ez bezala, abusuagatik zigortu zuen gizona, Auzitegi Gorenak eraso sexualtzat jo du gertatutakoa frogatua dagoelakoan bortizkeria erabili zuela gizonak.
Auzitegi Gorenaren arabera, sexu eraso gisa kalifikatzeko indarkeriazko elementuak izan ziren Altsasuko kasuan. 2016ko otsailaren 6an ospatzen ari ziren kintoen jaien testuinguruan izan zen bortxaketa. Epaimahaiak frogatutzat eman duen kontakizunaren arabera, biktima edanda zegoen, eta une batean komunera joan zen; gizonenenean sartu zen, emakumeena okupatuta zegoelako. Erasotzaileak atzetik jarraitu zion; komun berean sartu zen, eta atea kisketarekin itxi zuen. Emakumeak hainbat alditan esan zion harremanik ez zuela nahi, baina halere erasotzaileak ukituekin jarraitu zuen; besotik heldu eta burua paretaren kontra jarri ostean, bortxatu egin zuen. Gorenaren arabera, ezin da esan erasotzaileak indarkeriarik erabili ez zuenik eta biktima ikaratzeko asmorik ez zuenik, Nafarroako auzitegiak esan zuen moduan.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.