argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko Sunsundegik urtero 420 autobus egingo ditu Volvorentzat
  • Horren ondorioz, txasisak egiteaz arduratzen den Nafarroako enpresak datozen lau urteetan 400 pertsona kontratatu beharko dituela aurreikusten da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 04a
Argazkia: Sunsundegi

Aurten eta datorren urte hasieran lau autobus prototipo egingo dira Sakanan, eta 2024ko maiatzean autobus berrien produkzioari ekingo diotela aurreikusten da. Sunsundegiren arabera, urtean 420 autobus muntatuko dituzte Volvorentzat eta, gainerako bezeroak kontuan hartuta, guztira 800 bat aterako dira lantegitik.

Urte bukaerarako 281 lanpostu izango ei ditu autobus lantegiak, eta 2028rako 737 langile izatea espero du. Nafarroako Gobernuko Sodena enpresa publikoa 2010etik ari da elkarlanean Sunsudegirekin. Haren egoera txarra zela eta, orduan hiru urtez hartu zuen enpresa bere gain, eta gero zuzendaritza eta langileei saldu zien. Diario de Noticias-ek jakinarazi duenez, gaur egun Sodenak 39 milioi euro ditu inbertituta Altsasuko enpresan.

Aurreikuspenak beteko balira, datu esanguratsuak lirateke horiek, kontuan hartzen bada 2022an autobus eta kamioien salmentak %15,1 atzera egin zuela Europan, Europako Automobilen Egileen Elkartearen arabera. Bost egile handienetatik Frantziak (%17,7), Erresuma Batuak (%17,6), eta Espainiak (%16,7) egin dute gehien atzera. Europan 2022an bi milioi autobus eta kamioi egin ziren.

Autoen merkatua ere atzera egiten ari da azken urte luzeetan, eta etorkizunean ere atzerakada handia aurreikusten zaio, besteak beste, ezingo direlako ez ekoitzi ez erosi horrenbeste auto elektriko. Hala ere, autobusen kasuan desberdina da, norbanakoen garraioak indarra galduko duela aurreikusten bada, garraio kolektiboak indarra hartuko du. Beraz, autobusa etorkizuneko garraioa izan daiteke, bereziki garraio mota honetarako hidrogenoa energia gisa erabiltzen asmatzen bada.