argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko liskarrengatik auziperatutako adingabekoen eskubideak babesteko eskatu du Nafarroako Arartekoak
  • Iruñeko Parlamentuak egin zuen adingabeko bien eskubideak babesteko eskaria azaroaren 21ean. Horrez gain, Altsasuko gazteei terrorismo delitua ebatzi izanarekiko desadostasuna agertu, eta horiek askatzeko eskatu zuen.     

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 05
Atxilotuta dauden zazpi gazteen askatasuna eskatu zuten milaka lagunek Altsasun azaroaren 26an (Arg: Ekinklik.org)

Javier Enériz Nafarroako Arartekoak, Madrilgo Adingabekoen Epaitegi Zentralera eraman du Altsasuko liskarrengatik auziperatuta dauden adingabeko bien eskubideak babesteko eskaera. José Luis Castro magistratuari bidali dio gutuna. Instituzio publikoen elkarlana “beharrezkoa” dela azaldu du bertan, “herritarren konstituzio eskubideak bermatu ahal izateko”. Eta eskaerari dagokion tramitea emango zaiola ziur dagoela esan du.

Iruñeko Parlamentuak eskatu zion Nafarroako Arartekoari adingabeko bien eskubideak babesteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Altsasuko gazteen atxiloketen eta erabilitako kautelazko neurrien aurrean desadostasuna agertu zuten Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak. Horiek espetxeratzeko arrazoirik ez zegoela gaineratu, eta berehala askatzeko eskatu zuten.  

Nafarroako PP, UPN eta PSNk horren aurka egin zuten. Juan Antonio Extremera PPko kidearen hitzetan, “Altsasuko herria ez dute Espainiako Segurtasun Indarrek zikintzen, erasotzaileek eta erasotzaileak defendatzen dituztenek baizik”.