argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko liskarrarengatik atxilotutako zortzi pertsonetatik sei espetxeratu ditu epaileak
  • Hamar eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorra jaso dezakete espetxeratuek. Atxiloketak salatzeko manifestazioak bete ditu Altsasuko kaleak.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 15
Elkarretaratzea Altsasun atxiloketak salatzeko (Arg: Hitzondo)

Baldintzarik eta bermerik gabeko kartzela zigorra ezarri du Carmen Lamela epaileak atxilotutako zortzi pertsonetatik seirentzat. Altsasuko Koxka tabernan bi guardia zibilek eta gazte talde batek izandako liskarrekin lotuta daude atxiloketak. Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismoa ikusi du istilu horietan, eta azaroaren 14an atxilotutako zortzi pertsonetatik sei espetxeratzeko agindua eman du Lamelak. Beste biak aske utzi dituzte, baina astero poliziaren aurrean agertzeko aginduarekin.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak egindako eskaera hartu du aintzat epaileak. Zigor Kodeko 573. artikulua urratu dutela adierazi eta terrorismo delitua egotzi die espetxeratuei. Horrez gain, atxilotuek ihes egiteko arriskua dagoela ere azaldu du Lamelak, Iruñeko epaitegian euren kabuz aurkeztu ziren arren.

Iñaki Abad, Oihan Arranz, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Jokin Unamuno eta Aratz Urruzola dira epailearen aurrean deklaratu ostean espetxeratu dituzten seiak. Epaimahaiak Lamelaren tesia onartuko balu, hamar eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorra jaso lezakete.

Atxiloketak salatzeko hainbat elkarretaratze eta protesta egin dira. Azaroaren 14an 1.500 pertsona inguruk bete dituzte Altsasuko kaleak, “atxilotuak askatu” lelopean. Horrez gain, operazioa “desmilitarizazioaren aldeko mugimendua kriminalizatzeko fabrikatu den delitu terrorista” izan dela salatu du Sortuk. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bere aldetik, “zilegi den aldarrikapen bat kriminalizatu, eraso bat asmatu, polizia, epaile eta komunikabideen arteko koordinazioa bultzatu eta militante zein antolakundeen aurkako erasoa gauzatu” dela adierazi du.

Hau da azaroaren 14an Altsasun egindako manifestazioaren bideoa: