Altsasuko enpresak likidaziorik gabeko hartzekodunen lehiaketa iragarri zuen pasa den asteartean, 48,8 miloi euroko zorra baitu autobusen enpresak. Gaur egun 367 pertsonak egiten duten lan bertan.
Jendetza bildu da igandean Altsasun Sunsundegi enpresari alternatibak exijitzeko eta industria plan berri bat eskatzeko. “Sunsundeguik etorkizuna du. Konponbidea” lelopean antolatu zuen enpresako batzordeak mobilizazioa ELA, LAB eta UGT sindikatuekin batera.
Sunsundegiko batzordeko kideek egoera “ezjakintasunez” bizi dutela adierazi dute: “Ez plantillako kideok, ez inork ez dugu ulertzen hilabete gutxiren buruan 800 lanpostu sortzeko aukeratik dena galtzeko arriskura nola pasatu garen". Hala eta guztiz ere, azken urteetan baldintzak hobetzeko bidean langileek esfortzu handia egin dutela adierazi dute eta nominen ordainketan atzerapenak ere jasan dituztela kritikatu dute.
Sindikatuek egoeraren larritasuna azpimarratu dute, kontuan izanda, Sunsundegi “merkatua duen enpresa bat” dela eta estrategikoa dela Altsasurako, Sakanako eskualderako eta Nafarroa osorako.
Nafarroako Gobernua, Mikel Irujo Industria kontseilariaren bidez, prest agertu da lanean jarraitzeko, Sunsundegi egungo egoeratik aterako duen bazkide bat lortzeko. Uztailean bertan behera utzi zuenVolvok Altsasuko enpresan egitekoa zuen inbertsioa.