argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko haur eskolak berriz ere ateak zabalik
  • 2015ean jazotako sutearen ostean, herritarren aldarrikapen eta lan askoren ondotik inauguratu dituzte Txirinbulo udal haur eskolaren instalazio berriak Altsasun.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 31
(Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Altsasuko haur eskola berria inauguratu dute Txirinbuloko langile, guraso, udal ordezkari eta Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko hautetsi eta karguek; tartean izan da Maria Solana hezkuntza sailburua. Gobernuaren aburuz "esanahi berezia du Altsasun, behingoz, 0-3ko haur eskola egoki eta kalitatezko bat izatea".

2015eko irailean udal haur eskolaren moduluek su hartu zuten eta Udalak behin-behinean beste toki batean kokatu behar izan zuen haur eskola. Bi urteotan egoera horretan iraun dute, harik eta besteak beste Nafarroako Parlamentuaren eskariz jasotako diru-laguntzei esker eta Udalak egindako diru-ekarpenarekin 3 unitate eta 30 haur inguru hartzeko moduko eraikina jaso duten arte.

Haur eskolak hiru hezitzaile ditu zuzendariaz gain, horietako bat da Rosa Goikoetxea. Guaixe herri-aldizkariari azaldu dionez suteak sortutako egoera "oso gogorra izan zen", baina udalak utzitako tokian ondo moldatu direla azaldu du: "Pixkanaka joan dira gauzak argitzen eta gurasoen laguntzari esker lortu dugu".

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek, bere aldetik, nabarmendu du haur eskolako langileekin izandako harremana: "Argi eta garbi genuen sutearen ondoren eskaini genien tokia ez zela egokia. Gaur esan dezakegu behin betiko instalazioak dituztela eta bai Txirinbuloko langileak, gurasoak eta herritarrak oso pozik daudela".