argia.eus
INPRIMATU
Guardia Zibilak Aldatu Gidoia ekimena isundu du, Mozal Legea aplikatuta
  • 20 lagun baino gehiago elkartzeko baimena eskatu behar dela dio legeak, eta apirilaren 25ean Altsasun 22 lagun elkartu zirela argudiatuta zigortu dute ekimena. Aldatu Gidoiak salatu du “politikan parte hartzea eragozteko” legea dela.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 01a
Aldatu Gidoia Euskararen Aldek Altsasun emandako prentsaurrekoa. Argazkia: Aldatu Gidoia

Apirilaren 25ean Aldatu Gidoiak Altsasun emandako prentsaurrekoan, maiatzaren 18an Gasteizeko Foru Plazako manifestaziorako deia egin zuten. Eusko Jaurlaritzari eskaera egin zioten “kultura-politiketan, EiTBn, eta EiTBz harago, zinema eta plataformetan, euskara erdigunean jartzeko”. Bilkura hori dela eta, Guardia Zibilak Aldatu Gidoia ekimeneko kide bati isuna jarri dio.

Guardia Zibilak Mozal Legea urratu zutela arrazoitu du, ekimenak sare sozialen bitartez partekatutako argazkietan 22 pertsona agertzen direla eta baimena ez zutela eskatu argudiatuta, eta legeak ezartzen duela 20 pertsonen gainetik baimena eskatu behar dela. Aldatu Gidoia egitasmoak isuna salatu du, “politikan parte hartzea eragozteko” baliabidea dela diote eta nabarmendu dute “euskara ardatz duten politikak" aldarrikatzen segituko dutela.

Mozal Legearen aurrekariak Altsasun

2022ko uztailean Nafarroako 0-3 plataformako bozeramaile Eider Garderi zigorra ezarri zion Altsasuko Guardia Zibilak, Mozal Legea erabilita. “Legez kanpoko elkarretaratzearen erantzulea” izatea leporatu zioten eta Jose Luis Arasti Pérezek “herritarren segurtasunerako Lege Organikoa urratzeagatik, 100 eta 600 euro arteko isuna” jaso zuela jakinarazi zion Garderi.

Eider Gardek adierazi zuen ez zela kasualitatea pertsona salatua bera izatea. “Agindua eman duenak uste badu ni eta ni bezalako beste hainbati ahoa itxiko digutela, oso oker dago”, adierazi zuen 0-3 plataformako bozeramaileak.