argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gertakarien lehen urtemugan, asteburu osoko egitaraua osatu dute
  • Preso dauden gazteak aske utzi ditzaten eskatzeko, hiru egunez elkarretaratzeak egingo dituzte Altsasun, Nafarroan. Urtebete pasatu da Altsasuko taberna baten guardia zibila eta hainbat gazteren artean istiluak izan zirenetik.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko urriaren 13a
San Ferminetan Iruñako Gaztelu plazan egin zuten elkarretaratzea (Argazkia: @altsasukogurasoak))

Hilabete geroago, azaroaren 14an, Espainiako Poliziak gazteak atxilotu zituen. Ordutik, preso daude eta Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismotzat” jo du auzia. Elkarretaratzea, argazki erraldoia eta mikrofono irekia antolatu dituzte gaur, urriaren 13an, arratsaldeko 19:00etan. Asteburuan, kartzeletara eskutitz bidalketa eta urtebetean auziak emandakoa azalduko duen erakusketa izango dira.

333 egun daramatzate Altsasuko gazteak espetxean, etxetik 400 kilometrotara. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatzen die sei gazteri, 62 urte beste bati eta 12 gainontzekoei. Kasuak zabalik jarraitzen du eta epaia ebatzi bitartean,zazpi gazte aske daude, hiru espetxean.

Urte osoan etengabeak izan dira Altsasuko gazteak aske uzteko aldarrira batu diren sostenguak: eragileak, artistak, zuzenbideko profesionalak, herri elkarretaratzeak … Europar Batasuneraino iritsi da auzia eta segimendua “arreta handiz” ari direla egiten esan dute.