argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gazteenganako elkartasun kartelak kentzen ari zen talde batek gizon bati eraso egin dio Lleidan
  • Gaur goizean gertatu da erasoa, Lleidako (Katalunia) Ricard Vinyes plazan. Ez da eraso bakarra izan, ordu gutxitan gehiago eman baitira hirian berean.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 15
Josep, erasotua izan den gizonezkoa

Altsasuko gazteen aldeko kartelak eta lazo horiak kentzen ari zen talde batek Josep Aldabóri eraso egin dio, 65 urteko gizona. Barruan objektu pisutsuren bat zeraman poltsa batekin kolpatu dute, eta belarrian eragindako zauria josi behar izan diote ospitalean.

Aldabók La Jornada egunkariari azaldu dionaren arabera, gertakaria goizeko zazpiak aldera eman da. Taldearen ondotik pasatzerakoan, hauek bularraldean zeraman begizta horia ikusi eta "Viva España" oihukatu diotela azaldu du. Jarraian, taldeko batek jarraitu eta kolpatu egin du.

Eraso multzoa denbora motzean

Ez da izan hirian eman den eraso bakarra ordea. Lleidako CDRek (Errepublikaren Defentsarako Batzordeak) jakitera eman duenez, goizean bertan Gardeny auzoan familia baten etxebizitzari eraso egin diote, balkoian zituen banderen harira. Estelada, preso politikoen askatasuna eskatzen duen bandera eta independentziaren aldeko ANCren (Asamblea Nacional Catalana) bandera zintzilikatuak ditu balkoiak, argazkian ikus daitekeen moduan.

Goizaldean, bestalde, CDRek pentsioen gainean egitekoak diren ekintzen berri ematen zuten kartel eta esku-paperak ere desagerrarazi dituzte.

Ordu gutxiren barruan eman diren erasook “intolerantzia eta indarkeria unionistaren ondoriotzat” jo dituzte Lleidako CDRek.