argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gazteen kontrako epaiari helegitea jarri dio fiskaltzak, “terrorismoa” izan zela tematuta
  • Audientzia Nazionalak Altsasuko gazteei ezarritako kartzela zigor gogorrak ez dira nahikoa José Perals Calleja fiskalaren ustez eta "terrorismo delituagatik" zigortuak izan daitezen nahi du.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 14a
Jose Perals Calleja fiskalak teorrismotzat dauka tabernako liskarra. (arg: EiTB)

Fiskaltzak helegitea jarri dio  epaiari, EiTBk "iturri juridikoak" aipatuz jakinarazi duenez, eta Jose Perals Audientzia Nazionaleko fiskalak –Tarragonan jaioa eta 1994tik fiskaltzan ari dena– jarraitzen du eskatzen akusatuentzat 12 eta 62 urte arteko kartzela, lesio eta mehatxu terroristak egotzita.

Zigor Arloko 1. Sekzioko epaimahaiak ez zuen, ordea, terrorismo zantzurik ikusi Altsasun 2016ko urriaren 15ean taberna batean gertatu zen liskarrean, ezta akusatuak "ETArekin lotura eta partaidetza" dutenik ere. Hala ere, zigor oso gogorrak ezarri dizkiete espainiar auzitegi bereziko epaileek Altsasuko gazteei, denera 79 urteko kartzela, “kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” egotzita, delitu horiengatik ezar daitekeen handiena.

Guraso, senide eta jendarteak oro har amorruz eta gogor salatu dute epaia, erabat tokiz kanpo dagoela eta "mendekua" dela esanez. Hain justu, fiskaltzaren helegitea dator Iruñean epaiaren kontrako manifestazio handia izan baino bi egun lehenago.