argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gazteak eta Nekane Txapartegiren auzia Amnesty Internationalen txostenean
  • Nazioarteko erakundeak urteko txostena kaleratu du eta Espainiako Estatuari dagokion atalean nabarmendu ditu segurtasun indarren gehiegikeriekin, informatzeko eta biltzeko askatasuna urratzearekin edo tortura salaketa eta estradizioekin zerikusia duten kasuak, askotan euskal herritarrei lotuak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko otsailaren 22a
Altsasuko auziari buruz legediaren erabilera "desproportzionatua" salatu du AIk Altsasuko auziari buruz legediaren erabilera \"desproportzionatua\" salatu du AIk

Hala, Altsasuko gertaeren ondorioz 2016ko urrian atxilotutako zazpi lagunetik hiruk oraindik behin-behinean espetxeratuta segitzen dutela dio txostenak eta botere judizialak “legedia antiterrorista modu desproportzionatuan ezartzen jarraitzen” duela ondorioztatu du.

Tortura eta tratu txarren inguruko atala ere badakar Amnesty Internationalek. Bertan, Nekane Txapartegiren estradizio eskaeraren kasua aipatu du. Erakundeak nabarmendu du Nazio Batuen Erakundeko errelatoreak eskaerari uko egitea gomendatu ziola Suitzari. Asteasuarrak 1999an atxilotua izan zenean “inkomunikazio egoeran egon zen bost egunetan torturak eta tratu txarrak” salatu zituela dio txostenak, baina Espainiak ez zuela hori ikertu.

Giza eskubideen urraketa jasan duten biktimak aitortu eta erreparatzeko Eusko Legebiltzarrak onartutako legea Espainiako Konstituzio Auzitegiak atzera bota izana ere arbuiatu du erakundeak, eta helegitea Espainiako Gobernuak jarri zuela gogorarazi du.

Espainiak egindako eskubide urraketen zati handi bat Kataluniako erreferenduma eta independentzia prozesuak ekarritako jazarpenari lotuta daude. Besteak beste, biltzeko eta informatzeko eskubideak urratu direla dio nazioarteko erakundeak, eta espresuki aipatzen du Anna Gabrielek Gasteizen 2017ko urriaren 15ean emandako hitzaldia debekatu izana.