Hiru bizikleta zutaberen bidez egituratuko dute deialdia larunbatean: Berriozartik aterako da bat, 10:30ean; bigarrena, Barañaindik, 11:00etan; eta, azkena, Atarrabiatik, 11:00etan. Gazteluko plazan elkartuko dira denak, 13:30ean.
Hona bizikleta lerro bakoitzaren ekitaldien xehetasunak:
A zutabea (Berriozar-Arrotxapea-Txantrea-Iruñea):
Berriozar (10:30-11:30): Eguna Euskal Herria Plazan hasiko da, dantzariekin, fanfarrearekin, eskultura erakusketa motozerrarekin eta joaldunekin. Han, auzipetutako senideek hitza hartuko dute. Mokaduren bat jateko tartea ere izango da. Ondoren, bizikleta martxak ibilbideari ekingo dio.
Arrotxapea (11:45-12:15): dantzariak, txalaparta eta momotxorroak eta txikienentzako kultur ekitaldiak izango dira. Auziaren inguruko xehetasunak emango dira eta, ondoren, bizikleta martxak bidetik aurrera jarraituko du.
Txantrea (12:30-13:00): Harrera ekitaldia antolatu da joaldunekin eta aurresku batekin. Musika, sokatira eta haurrentzako jolasak egongo dira. Informazioa zabaltzeko ekitaldiaren ondoren, martxa Gazteluko Plazarantz abiatuko da.
B zutabea (Barañain-Golem zinemak-Gazteluko Plaza):
Barañain (10:30-12:00): Ezki Plazatik, gaztetxetik, Lurgorri Plazatik eta Bakea/Nelson Mandela Plazatik abiatutako lau zutabeak 11:00etan Udaletxe Plazan batzean hasiko da eguna. Han, Barañaingo herri taldeek harrera egingo diote Nafarroako Itzuli honi. Lehenago, bertsolariak, dantzariak, eta musika egongo da, eta mokaduren bat dastatu ahal izango da. Ekitaldi informatiboaren ondoren, 12:00ak aldera, bizikleta zutabea abiatuko da.
Golem zinemak (12:30): Zutabeak geldialdia egingo du musikaz lagunduta, eta Altsasuko gurasoek auziari buruzko informazioa zabaltzeko ekitaldia egingo dute. Ondoren, bizikleta martxak bideari ekingo dio atzera, Gazteluko Plazarantz.
C zutabea (Atarrabia-Burlata-Gazteluko Plaza):
Atarrabia (11:00): Jardunaldia Nafarroako Gorteak Plazan hasiko da, Atarrabiako Ihauteriak egingo duen harrera ekitaldiarekin. Aurreskuaren ondoren, informazioa zabaltzeko ekitaldia izango da, musikaz lagunduta. Amaitutakoan, bizikleta zutabeak bideari ekingo dio.
Burlata (11:30-13:00): Elizaren plazan, “Nahiak nahi”, “Hura” eta “Burlatan kantuz” musika taldeen emanaldiarekin hasiko da eguna. Txistorra jateko aukera egongo da. 12:30ean Altsasuko gurasoei harrera egingo zaie, eta auziaren inguruan informazioa zabaldu ondoren, 13:00etan, bizikleta zutabeak bideari jarraituko dio Gazteluko Plazarantz.
Iruñea-Gazteluko Plaza (12:00-14:00):
Hiru zutabeek Gazteluko Plazan bat egingo dute 13:30ean. Lehenago, 12:00etatik aurrera, plazan eta Alde Zahar inguruko kaleetan hainbat kultur ekitaldi daude antolatuta, hala nola trikitilariak, gaitariak, elektro-txaranga, joaldunak, “Iruñea-Altsasu Kantuz”, txaranga Jarauta kalean, “Tarima” antzerki taldearen emanaldia, “Broken Brothers Brass Band’ musika taldea, Altsasuko dantzariak eta Enrike Zelaia akordeoilaria.
13:30ean hiru zutabeei harrera egingo zaie eta eguna ekitaldi batekin amaituko da, non Altsasuko gurasoek hitza hartuko duten.
Biraren, helburua: "Altsasuko zortzi gazteak, beren familiak eta herria bera pairatzen ari diren justizia eza salatzea". Hala, herri bakoitzean bertako herritarrek, elkarteek eta animazio taldeek jasoko dituzte. Lekunberrin, Leitzan, Iturenen, Eizondon, Beran eta Baigorrin, guztira 3.400 lagun bildu dira.
Zabala izanen da informazio bira eta ahalik eta herri gehienetara jotzen ahaleginduko dira. Kasuaren "proportzionaltasun eza" salatu izan dute behin eta berriz: "Demokrazia batean bermatuta egon beharko liratekeen eskubideak eta printzipioak urratuak izan dira: errugabetasun printzipioa, legearen proportzionalitatea eta erabilpen ez-estentsiboa, defentsarako eta askatasunerako eskubideak...".
Albiste hau Euskalerria Irratiak egin du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.