argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gazteen auzia salatzeko “Duintasunaren martxa” egingo dute larunbatean
  • Larunbatean egingo duten elkarretaratze erraldoiaren aurretik, Altsasutik Iruñeara iritsiko den txirrinda martxa antolatu dute Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek. Martxan parte hartzeko izen-ematea irekia dago.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko urriaren 22a

Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia jakin ostean, Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformetako kideek elkarretaratze masibo baterako deia egin zuten. Larunbat honetan, urriaren 26an, Iruñeko Auiztegian izango da mobilizazioa, arratsaldeko 17:00etan.

Ostiralean Altsasun egindako elkarretaratzean ekimen berri bat aurkeztu zuten plataformek: elkarretaratze erraldoiaren larunbat berean, Altsasutik "Duintasunaren martxa" izena hartuko duen txirrinda martxa abiatuko da. Iruñeara iritsiko dira txirrindulariak, 17:00ak aldera, elkarretaratzea baino lehen.

Martxaren helburua "epaiari buelta" ematea izango da. Zortzi puntutatik igaroko da eta bakoitzean, Altsasuko gazte bakoitzari ezarritako zigorra agertuko den irudia egongo da. Martxa pasatzean, irudiaren atzean dagoen "injustizia" argituko da. Irudi guztiak bilduko dituzte eta Iruñeara eramango dira, elkarretaratzeari irudi horiekin hasiera emateko asmoz.

Martxan parte hartzeko izen-ematea irekia dago: altsasumartxan@gmail.com helbidearen edo 602 53 22 79 zenbakiaren bidez egin daiteke inskripzioa. Antolakuntzako kideek azaldu dute 9:30etan abiatuko dela martxa Altsasuko Foruen Enparantzatik. 13:30-14:00ak aldera Berriozarren egingo da atsedenaldia bazkaltzeko. Bazkaria antolakuntzaren esku egongo da. 16:00ak aldera abiatuko dira azken txanpa egiteko. Elkarretaratzearen ostean, autobusak eta kamioiak egongo dira txirrindulariak Altsasura itzul daitezen.