Estrasburgoko Auzitegiak onartu egin ditu Altsasuko kasuan kondenatu zituzten zortzi gazteetatik biren defentsek aurkeztu zituzten errekurtsoetako batzuk eta aztertuko du ea epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaien.
Guardia Zibilekin izandako istiluen ondorioz kondenatuak izan ziren zortzi gazteen defentsetatik bik jaso dute oraingoz Estrasburgoren erantzuna: Jokin Unamuno eta Ainara Urkijoren abokatuek, hain zuzen. Hauek Giza Eskubideen Auzitegian salatu zuten epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaiela, besteak beste, frogak atzera botata, errekonozimenduetan egon ziren irregulartasunekin eta abar. Epaile inpartzial baterako eskubidea ere urratu zitzaiela adierazi zuten, izan ere, zortzi gazteak epaitu eta kondenatu zituen Concepción Espejel epailea Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dago.