argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko Gamesa lantegia legez kanpo itxi zutela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Enpresak 2010ean egindako enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetu du auzitegiak. EEEren ondorioz 150 langile kaleratu eta lantegia itxi zuten. Epaitegiak enpresa behartu du langileak orain bost urteko egoerara bueltatzea.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 20a
2010eko otsailean agertu zuen Gamesak Altsasun zuen lantegia itxi eta bertako langileak kaleratzeko asmoa.

Sententzia indarrean jarri bezain laster, hogei eguneko epea du Gamesak langile guztiak berriz “egoera eta leku berean” kokatzeko. Altsasuko lantegia ordea itxita dago. Gamesak lantegia berriz ireki ezean Langileen Estatutuak zehazten duen gehieneko kalte-ordaina eskatu ahal izango dute langileek. Une honetan, kaleratu zituzten langileetako 79 Gamesak Agoitzen duen lantegian ari dira lanean. Sententziak zehaztu du langilea lekuz aldatzeko berak hala onartu beharko duela.

2010eko otsailean agertu zuen Gamesak Altsasun zuen lantegia itxi eta bertako langileak kaleratzeko asmoa. Horrekin batera, Espainiako Estatuan zituen beste lau fabriketako behin-behineko langileen kontratuak etetea erabaki zuen. Negoziazio horiek guztiak Madrilen egin zituzten. Maiatzaren 6an Espainiako Gobernuak erregulazioko espedienteak onartu zituen.

ELAk salatu zuen espediente desberdinak zirela, eta Altsasuko enpresa batzordeak soilik zuela Nafarroako lantegikoa negoziatzeko eskumena. Sindikatuaren esanetan batzordearekin zuzenean ez aritzeak eragotzi zien langileen ordezkariei erregulazio-espedientea behar bezala negoziatzea.

Madrilgo auzitegiaren aldeko sententzia

ELAk gehiengoa zuen langile batzordean, eta salaketa jarri zuen. 2013ko abenduan Madrilgo Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Gamesak eta Estatuko Abokatuak kasazio helegitea jarri zioten epaiari. Atzoko sententziak ordea, Madrilgo auzitegiak ebatzitakoa berretsi du. Gamesak Konstituzio Auzitegian helegitea jar dezake.

Sindikatuaren esanetan epaiak negoziaketetan aritu ziren hiru eragileen –Gamesaren, UGT eta CCOO sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren– “argazki argigarria” egin du. Enpresaren kasuan, ELAk salatu du enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu zenean 115 milioi eurotako etekinak zituela Gamesak, eta diru laguntza ugari jasota ere, ez zuela “konpromisorik txikiena” hartu Nafarroako enpleguarekin.

UGT eta CCOO sindikatuei egotzi die Altsasun ordezkaritzarik izan gabe, negoziaketa euren gain hartu eta Madrilera eramatea. Nafarroako Gobernuak erregulazio espedientea Nafarroan izapidetzeari uko egitea “lotsagarria” izan zela kritikatu dute. “Azpimarratu beharrekoa da langile-talde horrek borroka irabazi duela”, adierazi du ELAk , “orain dugun erronka langile horiek berriz ere lanera onartzea da”.